Agenda
Atzealdea

Euskararen Nazioarteko Eguna

Adierazpen instituzionala
29 AZA
2019 | Udalbatza | Adierazpen instituzionala

2019ko azaroaren 21eko Udalbatzak aho batez onartua.:

Zioa

Aurten, 60 urte betetzen dira Eusko Ikaskuntzak, 1949. urtean, Euskararen Nazioarteko Eguna abenduaren 3an ospatzea erabaki zuenetik. Hirurogei urte igaro arren, oraindik orain, Euskal Herriko hizkuntza berreskuratzeko premia larriak bere horretan dirau.

Egia da, azken urteotan, lortu dugula Euskal Herriko lurralde guztietan aurrera urrats esanguratsuak egitea ere. Egun, inoiz ez bezala, euskaldunok berariazko erakundeak dauzkagu: Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, alde batetik; Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan, bestetik; eta Nafarroa Garaian, azkenik. Baina ez daukagu hizkuntza politika bateraturik. Eta, gaur gaurkoz, asko egin dezakegu hainbat eremutatik hasita.

Hizkuntza gutxitu baten normalizazio prozesuaz ari garenean bi elementu izaten ditugu beti buruan. Batetik, hizkuntza hori normalizatzeko pertsonek hizkuntza gutxitua ezagutu behar dute, eta, bestetik, pertsona horiek hizkuntza erabili ahal izateko espazioak behar dituzte. Biak ala biak dira beharrezkoak, baldin eta hizkuntza hori normalizatuko bada.

Horregatik diogu lurgune euskaldunek edo arnasgune geografikoek berebiziko garrantzia dutela euskararen normalizazio prozesuan. Euskaldun kopuru handia duten herriak eta auzoak dira euskaraz normaltasunez eta naturaltasunez bizi direnak, eta normalizatutako edozein hizkuntzak bete beharko lituzkeen funtzioak betetzen ditu euskarak herri horien egunerokoan.

Baina urrats berriak egin behar dira, lurgune euskaldunen eta arnasguneen garapen iraunkorra bermatzeko oinarriak proposatuz. Izan ere, eremu horiek sendotzean eta zabaltzean datza normalizazio prozesu orokorraren arrakasta, hein handi batean.

Ugari dira berariazko lanketa eskatzen duten alorrak, eta horien guztien artean bada bat gizarte bizitzaren erdigunean dagoena: ekonomia, lana eta kontsumoa biltzen dituen arloa, hain zuzen ere, gizartearen eta herritarron bizitzaren motor nagusia baita.

Arlo sozioekonomikoak eta euskararen erabilerak elkarri egin behar dioten ekarpenaren garrantzia ez da gutariko inorentzat ezezaguna. Bai baitakigu ez dela hizkuntza normalizaziorik lanaren, ekonomiaren eta kontsumoaren munduan erro sakonik ez duenik. Sendoak dira, alor horretan ere, eragile nagusiak egiten ari diren urratsak. Eta horietan lehena, zalantzarik gabe, euskararen erabilera askotariko erakundeen izaeraren ezaugarrien artean txertatzea dago.

Erakunde adierazpena:

Hori horrela, Zestoako Udal erakunde honek, honako konpromisoak hartzen dituela adierazten du 2019ko Euskararen Nazioarteko Egun honetan:

  1. Erakundeak lehentasunez erabiltzea euskara, bere jakinarazpen eta gainerako erakunde, hornitzaile zein elkarteekiko harremanetan.
  2. Gure administrazio publikoaren kontratuetan hizkuntza irizpideak zehaztea eta ezartzea.
  3. Administrazio publikoen kontratazioetan ziurtagiriak —Bikain eta Bai Euskarari, besteak beste— bateratu eta indartzeko neurriak hartzea.
  4. Euskararen erabilera sustatzen duten hainbat tresna sustatzea. Hala nola, softwarea eta oinarrizko aplikazioak euskaraz, astialdirako IKT produktuak, .eus domeinua eta euskararen erabilera interneten.
  5. UEMA babestu, indartu eta zabaltzea.
  6. Urte askotako hitzarmenak sustatzea euskarazko tokiko komunikabideen jasangarritasun ekonomikoa eta egonkortasuna bermatzeko.
  7. Euskararen erabilera eta presentzia bermatzea erabiltzen ditugun komunikabide guztietan.
  8. Kirol arloa euskalduntzeko bidean lan egitea, federazioarekin eta tokiko klubekin elkarlanean.
  9. Gazteentzako euskarazko aisialdi zerbitzuak sustatu eta zabaltzea.
  10. Familia eremuetan euskararen erabilera eta transmisioa sustatzea.
  11. Migratzaileentzako laguntza ildoak aktibatzea, euskara ikasteko eta euskal kulturara hurbiltzeko aukera izan dezaten.
  12. Enpresetan euskararen erabilera normalizatzeko ekimenak aktibatzea, euskara laneko eta zerbitzuetako hizkuntza izan dadin.
  13. Jarduera arau emailea garatzea, enpresetan euskara erabiltzeko planak indarrean jartzeko.
  14. Eremu guztietako eragileekin —hau da, enpresa elkarteekin, sindikatuekin, gremioekin, merkataritza ganberekin eta beste hainbat erakunderekin— akordioak lortzea, euskararen normalizazioa bultzatzeko lana har dezaten.
  15. Herriko gizarte eragile eta euskalgintzarekin batera elkarlanari eustea.