(Ekintza guztiak itxiak izango dira, eta segurtasun protokolo guztiak betez egingo dira)
Aizarnako Eskolan:
Aurreko egunetan:
Munduko hizkuntzak eta hizkuntza gutxituak. Euskara munduko mapan kokatuko dugu eta ikusiko dugu munduan dauden hizkuntzak, zenbat hizkuntza gutxitu dauden, euskarak hartzen duen tokia…
Euskara hiztunak: Euskal Herrian herri guztietan euskaraz bizi gara? Aizarnako errealitatetik abiatuta, Euskal Herriko herrialde desberdinetan dauden ikastetxe batzuekin harremanetan jarriko gara galdetzeko ea haien herrietan euskarak zein presentzia duen. Ikasleen artean talde txikiak egingo ditugu eta talde bakoitza eskola batekin jarriko da harremanetan. Herri hauek eta gure eskolakoentzako ezagunak direnak Euskal Herriko mapan kokatuko ditugu eta jasoko dugu euskararen egoera zein den herri horietan, semaforo baten antzera (3 kolore erabiliko ditugu: gehiengoa euskalduna bada berdea, erdia euskalduna bada horia/laranja eta gutxiengoa bada gorria)
Euskararen egoeraren inguruko elkarrizketa egingo diogu UEMAn lan egiten duen eskolako ama bati. Ikasleek galderak prestatuko dituzte eta gonbidatuta etorriko da eskolara (Ideia gisara: Zer egin dezakegu euskara sustatzeko? Nola lortu genezake herri gehienak berdez margotzea? Zer egiten du UEMAk?)
Gure manifestua-mezua: Mezu bat prestatuko (grabatuko) dugu denon artean egindako lanketaren ondotik, abenduaren 3an plazaratzeko.
Abenduaren 3an:
Euskararen Eguna ospatuko dugu eskolan arratsaldez. Musika jarri, zerbait jan eta ordura arte egindako lan edo hausnarketak biltzeko baliatuko dugu (ikasleek sortutako mezua).
Arroako Eskolan:
Ikasle bakoitzak, Euskaraldirako eskolan egindako "aho bizi" edo "belarri prest" txapa soinean eramango du.
Bizikidetza taldeka elkartuko gara patioan eta euskaraldiko dantza egingo dugu.
Jarraian, "Euskal haurrak bagoaz" eta "Guk euskaraz, zuk zergatik ez" trikiti eta panderoaz lagunduta abestuko ditugu.
Bizikidetza taldeka Euskaraldiko pankarta eskuan, argazkiak aterako ditugu.
Amaitzeko, bakoitzari askari txiki bana banatuko zaio.
Zestoako Eskolan:
Euskaraldiarekin lotuta burbuila bakoitza bere gelan ari da marrazki, ipuin eta abar lantzen eta abenduaren 3an denak hormetan jartzeko ideia daukagu eta web orrian zintzilikatzea. Horrekin batera egunean zehar euskal kanten KARAOKEA prestatzen ari dira, beti ere burbuilak mantenduz. (Euskal kantak abestu, olerkiak deklamatu , bertsoak kantatu eta abar egingo dute)