Berriak
Atzealdea Euskal literaturaz gozatzeko irakurle taldea
2025·07·22

Datorren ikasturtean euskarazko literatura irakurri eta taldean solasteko asmorik baduzu? Hauxe da zure aukera! Udako oporraldiaren ondoren, berriz jarriko da martxan Helduen Irakurle Taldea irailean. Miren Agur Meaberen ‘Itzulerak’ liburua irakurriko dute eta egilearen bisita izango dugu irailaren 25ean, osteguna, 18:30ean Zestoako Liburutegian. Irekia izango da solasaldia, beraz, irakurle taldean parte hartzen ez dutenek ere etortzeko aukera izango dute.
Irailetik aurrera taldean parte hartu nahi duenak ere izena emateko aukera du Zestoako Liburutegian bertan (abuztuan itxita egongo da, baina uztailaren 30era arte edo irailaren 1etik aurrera gerturatu daiteke liburutegira).
Euskarazko literatura irakurri eta, hilabetean behin, leitutako liburuaren inguruko solasaldia egiten da taldean, Pako Aristi gidari dela. 16 urtetik gorako edonork parte har dezake taldean eta euskarazko literaturaz gozatzeko espazioa da. Urtean zehar bizpahiru idazleren bisita ere izaten da, haiekin hitz egiteko aukera irekiz.
Funtzionatzeko modua
Hilean hilean joaten dira taldeko kideak hurrengo liburua aukeratzen. Denen artean egiten da aukeraketa eta ahalegintzen dira genero desberdinak ukitzen (komiki libururen bat, poesia, saiakera...), nahiz eta batez ere eleberria irakurtzen den.
Ez dago zertan liburua erosi. Nahi duenak liburutegian bertan eska dezake maileguan (taldean eskaera-zerrenda osatzen da eta liburutegiak kudeatzen du beste liburutegiei egin beharreko eskaera).
Irailetik ekainera izaten da, baina edozein unetan eman daiteke izena. Eta, datorren irailetik aurrera, solasaldietara joateko deialdiak irekiak egingo dira, taldean parte hartu ez baina liburua komentatu nahi duenak aukera izan dezan bertaratzeko.
Portale Kultur Elkarteak jarri zuen martxan irakurle taldea 2017an eta Amaia Apalauza idazlea izan zen gidaria. 2018Tik aurrera Zestoako Udalak hartu zuen irakurle taldea bideratzeko ardura eta ordutik gidari lanetan aritu dira Amaia Apalauza, Danele Sarriugarte eta Pako Aristi. 15-20 laguneko taldea osatzen da urtero eta zortzi urteko ibilbideari jarraituz, datorren ikasturtean ere euskal literaturaz gozatu eta berau aztertzea da helburua.
Zatoz, probatu eta gozatu, ez zaizu damutuko!



