Berriak

Atzealdea Estazioko autokarabanen aparkalekuak arautuko dituen ordenantza onartu da

Herriko autokarabanentzat 22 aparkaleku esleituko ditu udalak; gainontzeko aparkalekuetan gehienez 72 orduz izango da aukera aparkatzeko.

2026·02·26


Otsaileko udalbatzarrean aho batez onartu da Estazioko autokarabanen aparkalekua arautuko duen ordenantza. Denbora da aparkaleku hori autokarabanak aparkatzeko erabiltzen dela baina arautu gabe egon da orain arte. Aparkalekuaz gain, eremu horretan ur zikinak hustutzeko gunea eta ur garbia betetzekoa ere badago, ondorioz, urteko garai zehatzetan inguruko herrietako autokarabanak ere zerbitzua erabiltzen dutela-eta gunea saturatuta egon izan ohi da. Zerbitzu hau doan izan da orain arte.

 

Estazioaren goiko aldea, autokarabanek aparkatzeko erabiliko da, baina gehienez 72 ordu aparkatzeko aukera izango da. Aparkaleku horretan dauden autokarabanek bertako zerbitzuak erabiltzeko aukera izango dute, ur zikinak hustu, garbiak bete... Aparkalekua eta zerbitzuen erabilera hasiera batean doan jarriko bada ere, epe laburrean makina bat jarriko dela azaldu du Mikel Arregi Zestoako alkateak.

 

Esleitutako aparkalekuak

Herriko autokarabanentzat 22 plaza erreserbatuko dira, bertan denbora mugarik gabe aparkatu ahal izateko. Plaza horiek Zestoako Udalak esleituko ditu. Plaza horien esleituek, bertako zerbitzuak erabiltzeko eskubidea izango dute eta urtean 150 euroko kuota ordaindu beharko dute.

 

Zestoako autokarabana gune bakarra Estaziokoa izango denez, herriko beste tokietan gaua pasatzea debekatuta egongo da, hala nola, Iraetako futbol zelai inguruan edo Arroabeko industriagunean.

 

Ordenantza 30 egunez jendaurrean egongo da nahi duenak alegazioak egin ahal izateko.