Berriak
Atzealdea EAJko alkategaiak egindako adierezpenei erantzun die Zestoako udal gobernuak
2023·01·31
Pasa den ostiralean EAJko hautagaiak, Garikoitz Mendizabalek, Osinbeltz harrobian esandako hitzen ondoren, Zestoako udal gobernuak atzo agerraldia egin zuen. Mendizabalek, besteak beste, adierazi zuen Zestoako azpiegitura garrantzitsuenak EAJk egin dituela eta Osinbeltz harrobian eguzki plakak jartzearen inguruko egitasmoa azaldu zuen.
Adierazpen horiei atzo Zestoako udal gobernuak erantzun zien eguerdiko 12:00etan egin zen prentsaurrekoan. Bertan izan ziren Mikel Arregi alkatea eta Marga Eizagirre eta Nerea Odriozola zinegotziak. Mikel Arregi alkateak hartu zuen hitza eta Zestoan egin diren azpiegitura garrantzitsuenak EAJk egin dituela esatea egia ez izateaz gain, gehiegikeria dela adierazi zuen. Horren aurrean alkateak Zestoako futbol zelaiaren obra (1999-2003ko legealdian EHk kudeatuta) eta anbulatorio berria (2007-2011 legealdian Eusko Abertzale Ekintzako udal taldeak eta 2011-2015 legealdian Bilduk kudeatuta) adibide gisa bota ditu.
Jarraian, Arregik EAJko alkategaiak ostiralean Osinbeltz harrobian eguzki plakak jartzeari buruz egindako adierazpenak izan zituen hizpide: “2021ean harrobi horrek izan zezakeen gaitasun energetikoaren inguruko txosten batzuk eskatu genituen eta bertan argi eta garbi esaten da harrobi horrek ez duela inolako baldintzarik eguzki plaken inguruko instalazio bat egiteko hiru arrazoi nagusirengatik: harrobiaren ezaugarri eta orientazio desegokiagatik, gaitasun energetiko apurra lukeen eremuan moduloak jartzeak eta energia garraiatzeko egin beharko litzatekeen instalakuntzak izango luketen kostu ekonomiko handiagatik".
Amaitzeko, alkateak bere harridura adierazi zuen Iñigo Ansola, Euskal Energia Erakundeko zuzendaria, Udalak ezer jakin gabe, agerraldi horretan egon eta proiektuaren bideragarritasun teknikoak eta ekonomikoak ahalik eta azkarren aztertzera konprometitu izanagatik. “Erakunde eta baliabide publikoen patrimonializazio alderdikoi hau ikusita, Zestoako Udalaren izenean kexa ofiziala adieraziko diogu Euskal Energia Erakundeari” gaineratu zuen Mikel Arregik.