Agenda

Datozen egunetarako neurri bereziak

Alkatearen oharra
03 IRA 09 IRA
Zestoa | Udala | Herriko jaiak | 2020 | Alkatearen ebazpenak

Jakina den bezala, COVID 19aren eraginez Zestoako Udalak bere garaian herriko jai nagusiak zein auzoetakoak bertan behera uzteko erabakia hartu zuen. Herriko eragile ezberdinekin egin ziren batzar irekietan “Zestoan udan zer?” egitaraua antolatzea erabaki eta gero, udan zehar segurtasun neurri guztiak beteaz ekitaldi ezberdinak gauzatu dira eta oso balorazio baikorra egiteaz gain udalak egitarauan parte hartu duten eragile zein herritar guztiei eskerrak eman nahi dizkie.

Bizi dugun egoeragatik izan ez balitz, asteburuan eta ondorengo egunetan herriko jai nagusiak ospatuko genituzke baina tamalez, ez da horrela izango eta aurtengoan ezin izango bada ere, datorren urtekoak inoiz baino ilusio handiagoz antolatuko ditugu. Horretarako, eta bizi dugun osasun krisia gainditzeko ezinbestekoa da egun gure esku dagoen guztia ahalik eta  ondoen egitea.

Udako egitarauaren arabera astebururako hainbat ekitaldi programatuak daude, horien artean jendetsuena larunbateko EZPALAK eta RODEO musika  taldeen kontzertua izango da. Dagoeneko sarrera guztiak agortuta daude eta orain arte bezala kontzertua ikusteko segurtasun neurri guztiak bete beharko dira.

Osasun krisiak horrela aginduta, Zestoarrak ez direnei ez bertaratzeko eskaera egiten zaie, herriak dituen ezaugarriengatik bertako kaleetan kutsatzeren bat gertatuko balitz ondorioak larriak izango liratekeelako. Besteak beste, osasun protokoloek horrela aginduta, herriko taberna guztiak itxi eta kale eremuetan ibili diren herritarrek PCR proba pasa beharko lukete. Denon esku dago arduraz jokatu eta ahal den neurrian arriskua ekiditea.

Ondorioz, Zestoako Udalak ondorengo neurriak hartu dituela iragartzen du:

  1. Foru Aldundiko mugikortasun arduradunekin hitz egin ondoren, larunbatean, irailak 5, arratsaldeko 17:00etatik gaueko 23:00etara herriko geltoki nagusian ez da bus zerbitzurik izango. Beraz, Zumaia Zumarraga, Azkoitia Donostia eta Azkoitia Zarautz zerbitzuetako autobusek ez dute geldialdirik egingo.
  2. “Udan zer Zestoan?” Egitarauan irailaren 4 eta 5erako iragarritako musika ekitaldiak egingo badira ere, Jaurlaritzaren abuztuaren 14ko aginduak antzeko ekitaldiak debekatzen dituenez, irailaren 8an herriko kaleetan zehar egitekoa zen zahagi dantza ez da egingo. Udalak Itxaropena dantza taldeko kideei eskerrak eman nahi dizkie ekitaldia prestatzeko hartutako lanak eta gero,  hau bertan behera uzteko inolako eragozpenik jarri ez izanagatik.
  3. Egun indarrean dagoen araudiak ezarri bezala, tabernak gauerdiko 12:00ak arte egongo dira irekita, ordu horretatik aurrera taberna zein elkarte gastronomikoetara ezingo da sartu eta gaueko ordu 1ean taberna eta elkarteak guztiz itxita egon beharko dira.
  4. Azkenik, Zestoako Udalak “botilloiak” bereziki debekatuak daudela gogorarazten du eta bertan parte hartzen dutenei, debekuaren isunaz gain ingurumenaren aurkako delitua ere leporatu ahal izango zaienez, 300 eurotik hasi eta 5000 eurora arteko isunak ezarri ahal zaizkiela ere jakinarazi nahi du.

Besterik gabe, arduraz eta heldutasunez jokatzeko gai izango garelakoan, herriko ostalari eta bizilagunei eskerrak eman eta  herriko jaiak elkarrekin disfrutatzeko garaiak zain izango ditugula sinistuta jaso agur bero bat.

Mikel Arregi, alkatea