Agenda

Atzealdea Boliviako Estatu Kolpearen aurrean

Adierazpen instituzionala
29 AZA
Udalbatza | 2019 | Adierazpen instituzionala

2019ko azaroaren 28ko Udalbatzak onartutako adierazpena:

Zioa

Azaroaren 10ean, Boliviako Estatu Plurinazionaleko Presidente Evo Moralesek dimisioa aurkeztu zuen, poliziek eta militarrek behartuta. Dimisioa aurkeztu baino lehen, Morales presidentearen, haren gobernuko kideen eta Boliviako beste hainbat hautetsiren senideen kontrako erasoak gertatu ziren.

Estatu kolpearen ondorioz, egoera benetan larria dela eta konfrontazio zibilerako arrisku handia dagoela nabarmendu nahi dugu. Izan ere, estatu kolpea bultzatu duten indarrak errepresioarekin oldartu dira Moralesen alde antolatutako herritarren aurka. Horrez gain, nabarmendu behar da, aurreko hilabetean izandako hauteskundeetan, Moralesek botoen %46 lortu zituela eta hauteskunde horiek errepikatzeko prestutasuna adierazi duela.

Egoera horren aurrean, Zestoako Udalak:

  • Gogor salatzen du Boliviako estatu kolpea.
  • Dei egiten die Moralesen kontra altxatu direnei, eskubide zibil eta politikoak errespetatzeko eta gatazka negoziazio eta akordioaren bidez konpontzeko. Baita estatu kolpea bultzatu duten kanpoko eragileei ere, injerentzia gelditzeko eta Boliviaren burujabetza errespetatzeko.
  • Babesa adierazten die Morales presidenteari, zein El Alton eta Bolivia osoan kolpearen kontra mobilizatu diren herritarrei.
  • Zestoako herritarrei dei egiten die Boliviako estatu kolpeari aurre egiteko antolatzen diren mobilizazioetan parte har dezaten.