Berriak

Atzealdea Maskara berrerabilgarriak egiteko boluntario sarea osatzen ari da Zestoako Udala

Zestoako Udalak maskara berrerabilgarriak banatuko dizkie herritar guztiei eta, horretarako, jostunen sarea osatzen ari da herrian.

2020·05·07


Koronabirusarekin luzaroan bizi beharko dugula nahiko garbia da dagoeneko eta birusaren hedapena mozten edo gutxienez moteltzen jarri beharko ditugu ahaleginak datozen hilabeteetan. Munduko Osasun Erakundeak esana du gomendagarria dela maskaren erabilera eta garraio publikoan sartzeko derrigorrezkoa da dagoeneko.

Errealitate horren aurrean, 4.000 maskara berrerabilgarri egingo ditu herritarrez osaturiko boluntario talde batek. Maskarak egiteko oihal homologatua eta beharrezko materiala udalak eskuratu eta jostunen artean banatuko du. Tela berezia da, ez du filtrorik behar eta 300 aldiz garbitu daiteke, eraginkortasuna mantenduz.

Dagoeneko hogei pertsona daude jostunen sarean, materiala iritsi bezain pronto lanean hasteko prest, baina kontuan izanda egin beharreko kopurua, deialdia zabaldu nahi dugu, herritar gehiago anima daitezen. Maskarak egiten laguntzeko prest dagoenak 615 768 980 telefonora deitu dezake, boluntario sarean izena emateko.

 

1.000 maskarila kirurgiko banatuko dira aurretik

EUDEL-ek (Euskadiko Udalen Elkartea) 700 maskara kirurgiko bidaliko ditu Zestoako Udalera datozen egunetan eta maskara horiek eta udalean dauden 300 maskara ere banatuko dira, gainontzeko 4.000 baino lehenago. Maskara hauek erabilera bakarrekoak izango dira.