Berriak

Atzealdea Asteburuan hasiko dira Zestoa-Urepele senidetzearen harira antolatutako ekitaldi nagusiak

Atzo aurkeztu zuten Mikel Irure Agiro Mendi Taldeko kideak, Mikel Arregi Zestoako alkateak eta Amaiur Aristi Itxaropena Dantza Taldeko kideak datozen asteotan izango diren ekimenen egitaraua.

2024·05·29


Azaroan Zestoa eta Urepele herriek sinatutako akordioaren harira antolatutako ekitaldi nagusiak asteburuan hasiko dira. Hain zuzen, larunbatean izango da “Gai ziren eta gai gara” bertso-saioa 17:30ean hasita Kiroldegiko pilotalekuan. Bertan, Xalbador urepeldarrak eta Uztapide zestoarrak 1967an jokatu zuten Bertsolari Txapelketa Nagusiko gaietatik abiatuta abestuko dute. Punta-puntako bertsolariak izango dira gurean: Maialen Lujanbio, Saioa Alkaiza, Alaia Martin, Miren Artetxe, Nerea Ibarzabal eta Aroa Arrizubieta. Gai jartzaile lanetan, berriz, Amaia Agirre eta Xalbat Alzugarai arituko dira.

Sarrerak Turismo Bulegoan daude salgai 10 eurotan eta egunean bertan ere erosteko aukera izango da Kiroldegiko leihatilan.

Urepele Eguna

Ekainaren 15ean Urepele Eguna ospatuko da Zestoan, eta egun osoko egitaraua prestatu da. Eguna XXII. Ibilaldi Neurtuarekin hasiko da, aurten ibilaldi bakarra izango da 15 kilometrokoa. Bertan parte hartzeko aurrez www.herrikrosa.eus webgunean izena ematea beharrezkoa izango da, eta egunean bertan ezingo da izena eman. Parte-hartzaile guztientzat kamiseta bat egongo da opari gisa.

 

Bertako eta Urepeleko ekoizleen eta artisauen azoka izango da plazan goizean zehar. Azokaren helburua salmentaz gain elkar ezagutu eta harremantzea izango delarik. Herri bazkaria ere antolatu da eta txartelak datorren astetik aurrera izango dira Portalen salgai 15 euroko prezioan.

Eguerdian Klika txaranga izango da herriko kaleak alaitzen. Urepeletik etorritako txaranga, haizezko instrumentuak jotzen dituzten hogei musikari inguruk osatzen dute. Bazkal ostean, berriz, kantaldia izango da eta horrekin amaituko da aurtengo Urepele Eguna.

Aipatzekoa da urrian egingo dela Urepelen Zestoa Eguna.

Liburuaren aurkezpena

Pako Aristi idazleari Zestoako Udalak liburua idazteko enkargua egin zion, eta hortik sortu da “Uztapide eta Xalbador. Bi adiskide mugaz gaindi” izeneko lana. Beronen aurkezpena, Donostian izango bada ere ekainaren 5ean, Zestoan aurkezpen mahai-ingurua egingo da ekainaren 19an. Bertan Pako Aristi idazlea bera, eta Xabier Amuriza izango dira. Moderatzaile lanak, berriz, Jon Artanok egingo ditu. Mahai-ingurua Kultur Etxean izango da 19:00etan.

Labaien – Belate ibilaldia

Senidetze egitasmoaren baitan, Zestoatik Urepelera dagoen ibilbidea digitalki markatzea aurreikusi zen. Horregatik, zatika ibilbidea egiten ari dira hainbat herritar. Ekainaren 29an ibilbidearen 4. zatia egingo dute, Labaienetik Belatera izango dena hain zuzen. Ibilbide hau 20 kilometrokoa da. Bertan parte-hartzeko aurrez izena eman beharko da eta aurrekoetan bezala, horren berri aurrerago emango da.