Berriak

Atzealdea Amets Sarea talde eragilea sortu da haur eta nerabeen ongizatea helburu

Zestoako Udalak talde hau martxan jartzearen aldeko apustua egin du, Zestoako hainbat arlotan kezka bera sumatzen hasia zelako: haur eta nerabeen ongizatea.

2026·05·25


Denbora da, Zestoan hainbat arlotan kezka sumatzen hasia dela herriko haur eta nerabeen ongizatearen inguruan. Azkenaldian, eskoletan, osasungintzan, gurasoen inguruan, aisialdiko edo hezkuntza ez formaleko espazioetan hainbat joera kezkagarri ari dira agertzen: pantailen gehiegizko erabilerak, euskara maila baxua eta gaztelerarako joera handiagoa, kontzentrazio faltak, umeen arteko harreman-sare itxiak, ikas-prozesuetan porrotak...

 

Egoera honen aurrean, Zestoako Udalak erabaki du herriko haur eta gaztetxoekin modu batean edo bestean harremana duten eta kezkatuta agertu diren herriko eragile eta norbanakoekin biltzen hastea eta talde eragile bat sortzea egoera honi buelta emateko ahaleginean. Egitasmoak Amets Sarea izena du eta lanean ari da ikasturte hasieratik. Hilabete hauetan egindako bileretan, haurren garapenari begira kontuan izan beharreko hainbat gai aztertu dira (herri kohesioa, euskara, familiak, jolasak, irakurtzearen garrantzia, sozializazioa, estimulazioa, pantailak, elikadura, emozioak...) eta bi talde ezberdinetan lantzea erabaki da: batek harrera landuko luke eta besteak guraso eskola.

 

Udalak, dinamizatzaile papera du egitasmo honetan; taldeari bidea errazteko figura izan nahi du, baliabideak eskainiko dituena. Baina taldearen norabidea taldeak erabakitzen du eta taldekide guztien hitzek pisu bera dute. Guztira, 20 lagun inguruk osatzen dute taldea: osasun arloko profesionalak, hiru eskoletako ordezkariak, haurreskolakoa, guraso elkarteak eta gazteria, euskara, liburutegia eta gizarte zerbitzuetako teknikariak besteak beste.

 

Zerrendatutako joera kezkagarri horiek bakoitza bere aldetik landu beharrean, guztiak elkarri lotuta landu behar direla argi ikusi da eta horregatik guztiak aterki beraren azpian eta lotura batekin lantzea erabaki da. Ekintza solteak egin beharrean, eragile bakoitzak bere aldetik, guztiak elkartuta, norabide berean joatea eta mezu berak helaraziz. Helburua argia da, haur eta nerabeen ongizatea.

 

Gaur egun arazoak 8-10 urteko haurretan ikusten badira, lanketa lehenago egin behar dela argi ikusi da, hau da, prebentzioan jarri behar dela indarra. Horretarako, 0-6 urte bitarteko haurrengan eta beraien familiengan eragiten saiatuko dira.

 

Lotutako ekimenak

 

Dagoeneko hainbat ekimen lotuta daude Amets Sarea egitasmoaren baitan. Lehenengoa ekainaren 11n izango da, eta 0-2 urte bitarteko haurrei eta euren familiei zuzenduta egongo da. Azalerako ipuinak izeneko ekimenean parte hartzeko izena eman beharko da maiatzaren 25etik ekainaren 5era bitartean.

 

Bestalde, datorren ikasturtera begira, Osasun eskola izeneko egitasmoa jarriko da martxan. Ekimen hau bi hilabetean behin egingo da, eta gurasoei kezka pizten dieten gaiez hitz egiteko kafe-tertuliak izango dira.

 

Azkenik, haurrak eskolan dauden bitartean gurasoentzako euskara klaseak ikastetxean bertan emateko aukerak aztertzea nahi da.

 

Aurrera begira ere egitasmo gehiago martxan joango dira, aztertu dituzten beharrei erantzuna ematea helburu izango dutelarik.