Berriak

Atzealdea Altzolaratsen eskalatzea debekatuta urtarriletik irailera

Urritik abendura eskalatu ahalko da bertan. Mehatxatutako espezieak babesteko neurria da.

2017·03·29


Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Gipuzkoako Mendizale Federazioak elkarlanean dihardute Gipuzkoako eskalada guneetan bizi diren espezie mehatxatuak babesteko. Bi erakundeen artean lurralde osorako erregulazioa adostu dute, eta, horien artean, Urola Kostako hiru eskalatzeko gune arautu dituzte.

Ikerketa egin ostean, basozainek proposatu zuten urte guztian zehar itxita edukitzea Altzolarats. Baina, aurten, egokitu dituzte irizpideak. “Espezie batek baino gehiagok umatzen dute han, eta batzuen garaiak eta besteenak ez datoz bat. Hori kontuan izanda, azkenean, urtarrilaren 1etik irailaren bukaerara arte debekatu dugu eskalatzea”. Beraz, udazkeneko hiru hilabeteetan eskalatu ahal izango da Zestoan. “Gure asmoa da espezie mehatxatuen defentsa bermatzea, baina behin hori lortzen dugunean, interesatzen zaigu eskalatzaileek eskalatzeko aukera izatea ere. Eta are gehiago, eskalatzaileek toki horien defentsarekin bat egitea nahi dugu”.

Erregulazioak oinarri zientifikoa duenez, Foru Aldundiak eskatu die Gipuzkoako eskalatzaile guztiei erabakitakoa errespeta dezaten. “Denon artean gure lurraldean bizi diren babestutako espezieen eta eskalatzaileen arteko elkarbizitza lortuko dugu”, adierazi dute.

Informazio osoa Gipuzkoa Mendizaleen Federaziaren webgunean

(argazkia: txapatuzak)