Berriak
Atzealdea Aldaketak izango dira uraren ordainagirietan
2026·04·14

Orain arte, uraren herriko banaketa, zein bertako hoditeriaren mantenuaz Zestoako Udala arduratu izan da. Aurrerantzean, ordea, herrialdeko herririk gehienak bezala, Zestoako ur hornikuntzaren kudeaketa osoaz Gipuzkoako Ur Kontsortzioa arduratuko da. Hau honela izanik, aste honetan bertan iritsiko dira Zestoako etxeetara Gipuzkoako Ur Kontsortzioaren izenean, Gipuzkoako Urak enpresa publikoak igorritako lehen fakturak.
Kontutan hartu behar da, lehen, Zestoako Udalak bi kobrantza egiten zituela: batetik ur kontsumoari zegokiona eta bestetik zaborrari loturikoa. Hemendik aurrera, Gipuzkoako Urak-ek, bi kontzeptuak faktura berean bateratuta bidaliko ditu. Hau da, ur-kontsumoa eta zaborraren tasa, biak batera kobratuko dira. Beraz, aurreko urteetako uraren fakturekin alderaketa egin nahi bada, kopuru orokorrari, zaborrari dagokiona kendu beharko zaio.
Bestalde, aste honetan bertan, asteazkenetik aurrera, Zestoako udaletxeko beheko solairuan (8:00etatik 14:00tara) uraren horniduraren inguruko bezeroen arretarako makina martxan izango da. Bertan, herritarrek, titularite aldaketak, ordainagirien inguruko kontsultak, zerbitzuaren bajak... egiteko aukera izango dute. Zuzeneko arreta nahiago dutenek, Azpeitia eta Zumaiako bulegoetara gerturatu beharko dute. Zerbitzu bera, 943 00 22 22 telefono zenbakira deituta edo www.gipuzkoakour.eus web orriko bezeroentzako bulego birtualaren bidez ere emango da.


