Berriak

Aitor Eizmendiren proiektua saritua IV. Urkome Sarietan

Landa eremuko balio-aniztasunari dagokion saria jaso du

2015·11·28


IV. Urkome Sariek badituzte irabazleak. Atzo eguerdian banatu zituzten Azkoitian, San Andres Egunean. Duela zortzi urte hasi ziren landa eremua sustatzeko asmoz sariok banatzen, eta indartsu jarraitzen dute oraindik ere. Javier Zubizarreta Azkoitiko alkatea izan zen aurrenekoa hitza hartzen, eta irabazleei zuzendu zitzaien: “Gaurkoa egun alaia izaten da Azkoitian, eta alaitasuna emateaz gain, baserri mundura gerturatzen gaituen eguna ere bada. Gure sustraietara, alegia. Pozgarria da baserri eta landa gunea indartzeko lanean ari zaretela ikustea, proiektu berriak aurrera atera nahian”.

Azkoitiko alkateaz gain, honakoek hartu zuten parte ekitaldian: Ana Eizagirre Urkomeko lehendakariak, Igor Iturain Urola Kostako Udal Elkarteko lehendakariak eta Maite Andres HAZI-ko teknikariak.

Hamahiru proiektu aurkeztu dira guztira aurtengo Urkome sarietara, eta bost sari banatu zituzten denera atzokoan. Boto bidezko sari berezia izan zen aurrenekoa. Aurkeztutako hamahiru proiektuetatik lau aukeratu zituen epaimahaiak, ondoren boto bidez bat saritzeko. Bozketa www.urkome.eus webgunearen bidez egin zuten, eta 838 boto banatu ziren guztira. Azkenean, Iban Sabalzaren Lanlur proiektuarentzat izan zen saria, 478 botorekin. Irabazleak bertako produktuez osatutako otarrea jaso zuen.

2.000 euroko lau sari

Atal desberdinetan banatutako lau sari banatu zituen epaimahaiak, bakoitza 2.000 eurokoa. Aurrenekoa Iraurgi Berritzen eta Urola Kostako Udal Elkartearen saria izan zen, eta Host`Arte proiektua izan zen garailea. Iratxe Manzisidorren proiektua da, eta ekoizpen ekologikoko landare espezie eta mota askoren hostoak lantzen ditu. Bizirik eskaintzen dituzte landareak, hainbat formatutan.

Bigarren saria, Urkome sarien nekazaritza jardueraren sustapen atalekoa, Jon Arruti azpeitiarrarentzat izan zen. Arrutik intxaur olioa ekoizten du, eta intxaurrari “balio erantsia” ematea du helburu. Azpeitiarrak azaldu zuenez, Frantzian asko ekoizten da intxaur olioa. “Hemen hainbeste intxaur izanda, pentsatu nuen bazela garaia beste zerbait egiteko produktu honekin”. Orain, epe motzeko “borroka” du: intxaur olioa merkaturatzea lortzea, hain justu ere. Izan ere, ekoizleek zailtasun handiak dituzte horretarako, legedia tarteko.

jaso zuen azkoitiarrak. Barazkiak, landareak eta sebelarrak ekoizten ditu Atxolak, ekoizpen ekologikoan oinarrituta. “Belaunandiz belaunaldi transmititu dituzte gure aurrekoek sendabelarrak. Jakituria honetaz asko dakigu hemen. Beraz, merkaturatzea posible zela ikusi nuen”, esan zuen Mujikak.

Azken sariak landa eremuko balio-aniztasuna saritzea zuen helburu, eta Aitor Eizmendiren Ipinabarrak eta Sagarrak proiektuarentzat izan zen. Proiektuaren helburua da bisita gidatuen bidez sagardoaren inguruko kultura gizarteratzea. Zestoako Ibañarrieta auzoa da proiektuaren ardatza, eta landa-eremu hura ikusgai jartzea dute xede. Sagardoak itsasoarekin duen lotura ere aipatzen du proiektu saritu honek.

Epaimahaiak, azkenik, irabazlerik gabe uztea erabaki zuen landa eremuetako azpiegitura eta zerbitzuak bermatzeko saria. Erabaki hori hartu zuen aurkeztutako lanak aztertu ostean.

(http://urolakosta.hitza.eus/2015/12/01/landa-eremuko-hainbat-proiektu-saritu-ditu-urkomek-laugarren-aldiz/

IKUSI SARIDUNAK