Berriak

Atzealdea 2026ko udal aurrekontuen lehenengo aldaketa aho batez onartu da

Aitor Salegi Martija EH Bilduko zinegotzi berriaren kargu hartzea izan da maiatzeko ohiko udalbatzarrean.

2026·06·01


2026ko aurrekontuen lehenengo aldaketa aho batez onartu da maiatzeko ohiko udalbatzarrean. Ohikoena da urtean hiru aurrekontu aldaketa egitea baina udalak Plan Ekonomiko Finantzieroa ezarria duenez, aurtengo aurrekontuan bi aldaketa bakarrik egingo dira. Aldaketa horiek hiru baldintza bete behar dituzte: aurrekontu defizitik ez izatea, aurreko urteko aurrekontuaren azken kopurua ez gainditzea eta zorpetze zorua %70etik beherakoa izatea.

 

Aldaketa nagusiak:

  • Pertsonalean: Lehiaketa-oposizio bat egon da duela gutxi eta hainbat urtez udalean lanean aritu den pertsona batek lanpostua galdu du. Udal honek ohitura du horrelako kasuak ematen direnean, gehienezko kalte-ordaina ordaintzekoa, ondorioz, 19.000 euroko kalte-ordaina ordaindu zaio. Atal horretan, beraz, 19.500 euroko aldaketa egin da horri aurre egiteko.

  • Ur sistemaren kudeaketa aldatu denez, udalak berak duen ur kontsumoa kontsortzioari ordaindu behar dio. Orain arte, Udalak uraren baja berak kudeatzen zuenez, gastua asumitzen zuen. Gaur egun, gastu hori izapidetu egin behar da eta 8.000 euroko gehikuntza bat egin da.

  • Herri Hezitzaileari dagokion atalean, duela gutxi aurkeztu den Amets Sarea egitasmoari 15.000 euroko gehikuntza egin zio, aurretik aurreikusita zeuden 12.000 euroko partidari.

  • Eskualde mailan, larrialdi klimatikoari aurre egiteko helburuarekin saio desberdinak, hausnarketak... egiteko diru kopuru bat zehaztu zen eskualdeko herrien artean, eta Zestoari dagokion kopuruari aurre egiteko, 1.000 euro zeuden aurreikusita baina 5.000 euroko gehikuntza egin behar izan da.

  • Zestoako Udalak landa lurrak erosteko ahalegina egiten du urtero. 5.000 euro zeuden aurreikusita partida horretan eta beste 5.000 euro gehitu dira. Epe laburrean deialdi publiko bat egingo du udalak, lur-jabeek prezio horretan euren lurrak udalari saldu nahi badizkiote ere.

  • Asfaltoak izan duen igoera dela-eta, asfaltatze lanak egiteko aurreikusia zegoen partidari 15.000 euroko gehikuntza egin behar izan zaio.

  • Plaza nagusiaren lurra berritzeko hirugarren interbentzioa falta da, eta lan horretara bideratuko den partida gehitu da, zehazki 40.000 euro.

 

Halabeharrez udal gerakina ez da erabiliko, eta zorpetze maila ere egoera onean dagoela adierazi du Zestoako alkate Mikel Arregik.

 

Hastear dagoen etxebizitza promozio berriko eraikuntza eta gainerako zergetatik udalak 185.000 euroko diru sarrera izango du eta diru kopuru horrekin osatuko da aurrekontuaren lehenengo aldaketa hau.

 

Aldaketa hauek txertatuta, 2026ko aurrekontuen uneko kopuru orokorra 7.186.231,17 eurokoa da.

 

 

EH Bilduko zinegotziaren kargu hartzea

Maiatzeko ohiko udalbatzarreko puntu aipagarria izan da, Aitor Salegi Martija EH Bilduko zinegotziaren kargu hartzea. Salegik, Jone Exposito Alberdik utzitako hutsunea beteko du. Kultura, Euskara, Kirola, Kulturartekotasuna eta Jaiak batzordeko kidea izango da zinegotzi berria eta Mikel Arregi alkateak jarraituko du batzordeburu izaten.

 

Salegi aurreko legegintzaldian ere zinegotzia izan zen.