Berriak

Atzealdea 2025ean 7.563.016 euroko aurrekontua izango du Zestoako Udalak

Datorren urteko inbertsio handienak GI-631 errepideko lanak, Arroabeko igogailua eta udalak eskuratu berri dituen Kale Okerreko 11 etxebizitza zaharrak eraisteko lanak izango dira.

2024·12·20


Atzo abenduaren 19, 2024ko ezohiko azken udalbatzarra izan zen. Bertan 2025eko udal aurrekontuak onartu ziren EH Bilduren aldeko eta EAJren aurkako botoekin.

 

2025erako onartu den aurrekontua 7.563.016 eurokoa izango da. Udalak berriki jaso duen sententzia tarteko egin behar izan den ordainketa dela eta, aurrekontu erabat baldintzatuak izango direla adierazi zuen Mikel Arregi “Ertxin” alkateak.

 

Nolanahi ere, udalak izandako kalte ekonomikoak herritarrengan eraginik izan ez dezan zerbitzu gastu guztiak bere horretan utzi dira eta 2025eko aurrekontuak daukaten defizitagatik gastu araua bere osotasunean betetzen ez baditu ere, urtean zehar udal kontuak egonkortzea espero dutela adierazi zuen alkateak.

 

2025era begira aurreikusten diren gastu garrantzitsuenak honakoak izango dira:

- Pertsonala: 2.279.023 euro

- Zerbitzuak: 1.786.126 euro

- Inbertsioak: 1.631.739 euro

 

Inbertsio garrantzitsuenak

Inbertsioei dagokionez, partidarik handiena, GI-631 errepideko lanei dagokiona izango da. Lanen %40a 2024an amaituko da eta %60a, berriz, 2025ean. Ondorioz, 2025eko inbertsiorik handiena izango da: 893.979 eurokoa hain zuzen. Errepide Sailarekin hitzarmen bat dago eginda eta lan hauen zati bat ere finantzatua izango da.

 

Arroabeko igogailua izango da beste inbertsio garrantzitsua. Hau aurrera eraman ahal izateko diru laguntza garrantzitsua jasoko da Eusko Jaurlaritzatik; lanen %60a ordaintzeko aukera emango du honek. Lanen aurrekontua, 523.000 euro ingurukoa da eta diru laguntzari esker Zestoako Udalak, 2025ari dagokionez 295.240 partida jarri du eta gainontzekoa 2026ko aurrekontuekin ordainduko da. Obra amaitzeko epea bi urteko baita. Arroabeko irisgarritasunari begira, urrats garrantzitsutzat jotzen du udalak proiektu hau.

 

Kale Okerreko etxebizitzen eraisketa izango da beste partida garrantzitsua 2025era begira. Iaz, 11 etxebizitza Udalak eskuratu ostean, hauek eraistea izango da ondorengo lana. 150.000 euroko aurrekontua dute lan hauek. Helburua, etorkizunean eremu horretan eta Correoseko eraikinaren eremuan 22 etxebizitza publiko eraikitzea da.

 

Beste partida aipagarria, baso politikari dagokionean Foru Aldunditik jaso den diru laguntzari esker Ertxin mendiko herri lurretan egingo den artadi landaketa izango da. Lan hauek ia %100ean diru laguntzarekin finantzatuko da, izan ere 70.000 euro inguruko diru laguntza jaso da.