Berriak
Atzealdea 2024ko ordenantza fiskalek %2ko igoera izango dute
2023·09·29
Atzo, irailak 28 osteguna ohiko udal batzarra izan zen. Bertan besteak beste, 2024ko ordenantza fiskalen aldaketa, Ogasuna, Pertsonala eta Zerbitzuak batzordeko kide aldaketa eta Antton ao povo herri ekimenaren mozioa onartu ziren.
Sozioekonomia, Trantsizio Ekologikoa eta Parte Hartze batzordeko zinegotzi batzordeburuaren %20ko liberazioa bertan behera geratu zen EAJko kideek zalantzan jarri baitzuten zinegotziaren udaleko jarduna eta bere lanaren arteko bateragarritasuna. Nahiz eta alkateak garbi adierazi zuen inolako arazori ez dagoela eta erabat bateragarria dela txosten juridiko bat eskatu zen eta gaia hurrengo batzarrean aztertzea erabaki zuten.
2024ko ordenantza fiskalak
Zestoako Udalaren kaudimena kontuan hartuta, 2024ko ordenantza fiskalek %2ko igoera izatea onartu zuten aho batez.
Tasa eta prezio publikoetan bi gehikuntza izango dira: alde batetik festetan etortzen diren hanburgeseri mugikorren eskaera asko igo denez, aurtengo jaietan 16 eskaera jaso ditu Udalak, zerbitzu hori arautzea erabaki da. Hainbat irizpide zehaztu dira, hizkuntza irizpideak... eta aurrerantzean kobratu egingo zaio zerbitzu hori eskaini nahi duenari. Postu bakoitzak 100 euro ordaindu beharko ditu 2024tik aurrera.
Bestalde, Auzobus zerbitzuak demanda handia du, eta ondorioz zerbitzua arautzea eta ibilgailua alokagai jartzea erabaki da. Bederatzi plazako ibilgailua da eta elbarrientzako plaza du eta eguneko prezio bat izango du. Beraz, hemendik aurrera herriko kirol eta kultur elkarteek posible izango dute Auzobus zerbitzuko ibilgailua alokatzea.
Azkenik, etxe hutsen karga fiskala %50ean mantenduko da. Alkateak adierazi zuen etxebizitzekin dagoen arazoa kontuan hartuta azterketa bat egin beharko dela etorkizunean.
“Antton ao Povo” herri ekimenaren mozioa
Antton Olaizola herritarrak 40 urte daramatza deportatuta Cabo Verden, giza eskubideen urraketa bortitza pairatzen. Horren harira, “Antton ao Povo” herri ekimeneko kideek 300 sinadurarekin batera mozioa aurkeztu zuten.
Mozioa onartutzat eman zen gehiengoz, EH Bilduren aldeko zazpi boto eta EAJren aurkako hiru boto, baina ez aho batez.
EAJko zinegotziek adierazi zutenez, ez zuten mozioaren alde bozkatu herri ekimeneko ordezkariekin bildu ostean hainbat galdera erantzunik gabe geratu zitzaizkielako, eta gaur egun informazio falta dutelako. “Gaiarekin sentsible gara baina ez dugu mozioarekin bat egingo” adierazi zuten.