Berriak

Atzealdea Zestoako Udalak ibilgailu elektriko bat jarriko du herritarren erabilerarako

Urte beteko proiektua izango da Hyundai etxearekin sinatuko den hitzarmena.

2024·03·25


Hyundai etxeko auto elektriko bat izango du Zestoako Udalak urte beteko epean herritarren erabilerarako. Autoaren erreserba eta ordainketa APP baten bidez egingo da, eta autoa partekatzeko sistema izango da. Udalak Hyundai etxearekin hitzarmen bat sinatuko du eta hasiera batean urte betez egongo da autoa herrian.

Autoaren kargagailua Zubimusuko igogailuaren ondoan egongo da kokatuta, gaur egun dagoen kargagailuaren ondoan. Auto berria bakarrik kargatzeko balioko du, beraz, ezingo dira bestelako auto elektrikoak kargatu toki horretan.

Araudia zehazteko dagoen arren, autoa egunez bakarrik erabili ahal izango da, astegunetan 12:00ak arte udaleko langileentzat egongo da erreserbatuta. Gainerako herritarrek 12:00etatik 22:00etara izango dute aukera erabiltzeko. Igande eta jaiegunetan berriz herritarrek autoa goizeko 8,00etatik gaueko 22,00etara bitartean erabili ahal izango dute.

Erabiltzaileek baldintza batzuk ere bete beharko dituzte, hala nola 25 urtetik gora izatea eta hiru urteko esperientzia izatea autoak gidatzen. Bestalde, tarifak oraindik zehazteko daude.

Proiektu honek, 8.000 euroko inbertsioa suposatuko dio Udalari, baina helburua da autoa erabiltzeko ordainduko denarekin proiektua autofinantzatzea.