Berriak
Atzealdea Aho batez onartu da 2024ko udal aurrekontuaren lehenengo aldaketa
2024·03·24
Pasa den astean, martxoaren 21ean, ohiko udalbatzarra izan zen eta besteak beste 2024ko udal aurrekontuaren lehenengo aldaketa onartu zen aho batez. Aldaketa honen baitan aipagarriena GI 631 errepidearen bulebarizazio lanen proiektuarekin lotuta dagoena da. Honen baitan, Gipuzkoako Foru Aldundiak hitzarmen bidez proiektua diruz lagunduko du, errepide nagusia eta bide segurtasunari dagozkion gastuak finantzatuaz, horretarako lanak bi urtean exekutatu beharko lirateke.
Proiektu honen aurrekontua 1.619.000 eurokoa da eta helburua lanak irailean hastea litzateke. Lanak bere baitan Zestoa gurutzatzen duen 631 errepidea herriak bere egitea da helburua, non ibilgailuek errepideko abiaduran baino hiri barruko abiaduran ibili beste erremediorik ez luketen izango. Bide batez, Arteaga auzoa herrigune nagusira lotuagoa geldituko da eta auzo beretik errepidearen beste aldera pasa gabe espaloi berritik zuzenean herriko eskolara oinez joatea ahalbidetuko da. Hauetaz gain, herriko sarrera irteeretan aldaketak egingo dira eta norabide bakarreko barne zirkulazioa lehenetsiko da, oinezkoei lehentasuna emanaz. Helburua, lanak bi urteko epean amaituta izatea da, exekuzio proiektua udalak jada egina dauka eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin ere adostua. Bide segurtasunari dagozkion gastuak GFAk bere gain hartuko ditu eta herri barneko antolaketa eta irisgarritasunari dagozkionak berriz Zestoako Udalak finantzatuko ditu.
Beraz, partida honek, 2024ko aurrekontuetan 630.000 euroko gehikuntza bat izan du.
Bestalde, kiroldegiko estalpearen lanak amaituta dauden arren, proiektutik kanpo hainbat lan egin behar dira, hala nola: pilotalekuko kantxa erabat berrituko da eta kontrakantxa ere egurrez estaliko da. Bestetik, teilatu berriko eguzki bidezko energia sistema jartzeko diru laguntza jaso bada ere zati bat udalak ordaindu behar du eta aurrekontuetan dagokion partidak 290.000 euroko gehikuntza izango du.
Azkenik, gehikuntza txikiagoak izango diren arren, besteak beste honako hauek ere suposatuko dute aurrekontuan aldaketa: aurrekontu parte-hartzaileak; Foru Plaza konpontzeko lanak; Irikaitz aisialdi parkeko proiektua; Arroabeko sarrera-irteeren lanak...
2024a mailegurik gabe
Aurrekontuan izandako gehikuntza horiei aurre egiteko, Zestoako Udalak bere gerakin orokorra erabiliko du. Zehazki, 1.595.573 euro erabiliko ditu gerakinetik. Ondorioz, egingo diren inbertsio hauei mailegurik eskatu gabe aurre egingo zaie eta udalaren zorpetze maila bere horretan geldituko da.