Berriak
Atzealdea “ZestOtarra” egitasmoarekin herrian erosi eta bertako produktuak kontsumitzea sustatu nahi da
2026·10·09

Zestoako Udalak, Zestoako Merkatari Elkarteak eta Urkomek zestOtarra bertakoa barra-barra izeneko egitasmoa jarri dute martxan elkarlanean. Danbolin egitasmoari forma emateaz arduratu da eta baita kanpainaren irudia eta leloa prestatzeaz. Helburua, herritarrak erosketak herrian egitera eta gertuko produktuak kontsumitzera animatzea da. Izan ere, erosketa bakoitzarekin tokiko ekonomia, bertako ekoizleak eta herriko merkataritza indartzen dira.
Zestoako dendetan honako ekoizle hauen produktuak aurkitu daitezke: Atristain (eztia, propoleoa, erle argizaria, sagarrak eta kiwiak), Motxa-Enea (garaian garaiko barazkiak eta letxugak urte osoan), Ekain (sagardoa, sagar zukua eta ozpina), Sakona Etxaldea (barazkiak, frutak eta ardi esnekiak) eta Xarrondo (esnea, jogurtak eta gazta freskoa).
Egitasmoaren baitan, Zestoako dendetan ZestOtarra ikurra aurkituko dute herritarrek hainbat produktuetan. Ikur horrek gertuko ekoizleen produktuak identifikatuko ditu: lehenik Zestoakoak, gero eskualdekoak eta azkenik Euskal Herriko ekoizleenak.
Dagoeneko Zestoako etxe guztietan egitasmoaren informazioa jasotzen duen eskuorria banatu da eta bideo bat ere prestatu da kanpainaren nondik norakoak azalduz. Hau ere dagoeneko sare sozialetan zabaldu da
Bertako produktuak, bertako dendetan
Udalak egitasmo honekin, lehen sektoreari eta tokiko merkataritzari bultzada berezia eman nahi dio. Bide batez, herritarrei deialdi berezia egin die herriko dendetan erosketak egin ditzaten eta bertako produktuak kontsumitzera animatu.
Ikusi bideoa:


