Berriak
Atzealdea “Udan zer Zestoan?” asteburu honetako ekitaldi gehienak mantentzea erabaki du Zestoako Udalak
2020·08·20
COVID-19ak eragindako osasun-krisialdia medio azken egunetan bailaran sortu den egoera ikusita, Zestoako alkatea harremanetan jarri da Azpeitiko zein Azkoitiko alkateekin, udarako programatutako kultur ekitaldiekin jarraitu ala ez hausnartzeko. Azpeitiak bere horretan mantendu ditu kultur ekitaldiak, besteak beste, Soreasu antzokian zein Sanagustin kulturgunean.
Bestalde, Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak 2020ko abuztuaren 19an emandako aginduak ere ez du eragozpenik jartzen aipatutako kultur ekitaldiak egin ahal izateko. Hori dela eta, Zestoako alkateak jakinarazten du gure herrian “Udan zer Zestoan?” izenburupean antolatutako asteburu honetako ekitaldiak mantendu egingo direla.
Nolanahi ere, higiene eta segurtasun neurriak zorrotz betearaziko dira, eta, besteak beste, derrigorrezkoa izango da musukoa kendu gabe edukitzea emanaldi guztian zehar; tenperatura hartuko da; ikuskizunak irauten duen denboran ezingo da mugitu eserlekutik, oso premiazkoa ez bada; sartzerakoan eta irteterakoan, elkarrenganako segurtasun-distantzia mantendu egin beharko da.
Eguraldiak lagunduko ez balu, Garikoitz Mendizabal eta Gorka Hermosaren ostiraleko emanaldia (abuztuak 21) eta larunbateko bertso saioa (abuztuak 22) kiroldegiko aterpean izango lirateke.
Manez eta Kobreak taldearen saioa, berriz (abuztuak 23, igandea), ikusita taldearen dimentsioa, ekitaldiak dauzkan behar teknikoak eta orain arte izena eman duen ikusle kopurua, ostiral arratsaldean edo larunbatean zehaztuko da, komunikabideen bitartez, Foru plazan izango den edo beste lekuren batean. Bertan behera utzi eta hurrengo batean, baldintza egokiagoak daudenean eskaintzea ere ez da baztertzen.
Alkateak azpimarratu du arduraz jokatzeko unea dela, eta herritarrei dei berezia egiten die osasun gomendioak betetzen jarraitzeko, orain arte egin duten bezala.