Berriak
Atzealdea “Euskararen Loraila” egitasmoa aurkeztu dute Euskara Foroak eta Zestoako Udalak
2026·04·29

Maiatzean zehar hainbat ekitaldi izango dira herrian Euskararen Loraila. Euskara loratzeko gure zaintza behar duelako egitasmoaren baitan. Euskara Foroak eta Zestoako Udalak elkarlanean antolatu duten egitasmoaren helburua euskara erdigunean jartzea da eta bide batez herritarrek gaur egun euskara bizitzen ari den egoeraren inguruan hausnartzea.
Antzezlan batekin emango zaio hasiera egitarauari, Frankopoleon antzezlanarekin, hain zuzen. 2070. urtean kokatzen da antzezlana eta umorez eta ironiaz islatuko dituzte euskal komunitatearen egungo kezka guztiak. Aipagarria da antzezlan honetako aktoreen artean Inma Koiote herritarra izango dela. Antzezlana maiatzaren 5ean 18:30ean izango da Kultur Etxeko areto nagusian.
Hitzaldientzat ere izango da tartea, hala nola, Euskal Herrian Euskarazek maiatzaren 12an 18:30ean Alonderon emango du egitasmo honetako lehenengo hitzaldia. Elkartearen ustez, euskara eta euskal komunitatea bizirik iraunarazteko independentziaren bidea beharrezkoa da eta ikuspegi intersekzionala garatuta lortuko dela diote.
Bestalde, gorrotoaren kultura zabaltzen ari den garai hauetan, euskara eta euskal komunitatea ez dira jomuga bakarrak: emakumeak, LGTBI+ kolektiboak, kultura islamiarra, beltzak, pobrezia egoeran dauden pertsonak... Gorrotokraziari buruz hitz egiteko tartea ere izango da maiatzaren 19an 18:30ean Alonderon.
Solasaldi horretan hiru hizlari izango dira eta bakoitzak bere esparruko azalpenak emango ditu: Leire Ibarguren (Azpeitiko Feministen Sarie e Astindu Armayuek), Hajar Samadi (Bidaya, emakume musulman gazteen elkartea) eta Agurne Gaubeka (Hizkuntza Eskubideen Behatokia).
Egitasmoari amaiera emateko, UEMAk Esnatu gure hizkuntzak har dezan arnas kanpaina aurkeztuko du maiatzaren 26an 18:30ean Alonderon. Egungo egoerari buelta ematea ezinbestekotzat jotzen du UEMAk, eta kezka eta ardura horretatik sortu du Esnatu dinamika: arnasguneak babestu eta sendotzeko lurralde osoan, euskararen biziberritzean motor izan daitezen. Saio honetan, UEMAko teknikari Ale Goikoetxea izango da hizlaria.


