Berriak
Atzealdea “Errepresioa genero ikuspegitik” hitzaldiarekin hasiko da oroimen astea
2020·09·15
Zestoako Udalak, Aranzadi Zientzia Elkartearekin elkarlanean, berriro helduko dio oroimen historikoa ikertzeko egitasmoari eta bide horretan antolatu du Oroimen Astea. Martxoan egitekoa zen hitzaldi zikloa berez, baina koronabirusaren eraginez bertan behera geratu ziren orduko ekitaldiak.
Iraila iritsita, bihar berrabiatuko da zikloa, “Errepresioa genero ikuspegitik” hitzaldiarekin. Hitzaldia Lourdes Herrastik emango du. Historialaria eta ostearkeologian espezializatua da Herrasti eta Gerra Zibileko hobi-ateratzeek agerian utziriko populazio zibilaren errepresioa izango du oinarri hitzaldiak.
Alonderoko Kultur Aretoan izango da solasaldia, arratsaldeko 19:00etan. Koronabirusa dela eta hartu beharreko prebentzio neurriak direla eta, gehienezko aforoa 40 pertsonakoa izango da. Ez da aurretik izenik eman beharko, baina bertaratutakoek beraien datuak eman beharko dituzte.
Errepublikako Zestoako azken udal korporazioari omenaldia
Oroimen astearen baitan eta, egia eta erreparazioa helburu, Errepublikako Zestoako azken udal korporazioari omenaldia egingo dio Zestoako Udalak irailaren 20an, eguerdian. 1936ko irailaren 21ean sartu ziren tropa frankistak herrian eta orduko udalbatza osatzen zutenak kanporatuak eta errepresaliatuak izan ziren.