Berriak

Atzealdea “Bidelaguna” egitasmoa abian da eskolan

Eskolan laguntza behar duten ikasleei bideratutako errefortzu saioak izango dira urritik maiatzera bitartean.

2023·10·19


Ikasturte berriarekin batera Zestoako Herri Ikastetxean Bidelaguna egitasmoa jarri da martxan. Egitasmo honi esker, eskolan laguntza behar duten ikasleek eskolaz kanpoko ordutegietan laguntza jasotzeko aukera dute. Eskolak erabakiko du, beharraren arabera zein ikasle joango diren laguntza edo errefortzu saio horietara, eta baita iraupena ere. Izan ere zenbait ikaslek kurtso osoan zehar beharko dute laguntza eta beste zenbaitzuk hilabete gutxi batzuetan.

Bidelaguna egitasmoa urritik maiatzera bitartean egongo da martxan herriko eskolan eta aurreko astean hasi ziren saioak. Astelehenetik ostegunera izango dituzte ordu beteko errefortzu saioak. Hiru talde hasi dira saio hauetan, eta eskolak aukeratutako hiru hezitzaile izango dira eurekin eskolako lanekin laguntzen.

Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak bideratzen duen egitasmoa LHko hirugarren zikloko eta DBHko lehenengo zikloko ikasleei bideratua dagoen arren Zestoako eskolan LHko bigarren zikloan ere hasi dira saio hauek egiten. Zestoako Udalak, Eusko Jaurlaritzaren dirulaguntza baten bidez finantzatuko du bigarren zikloko ikasleen errefortzu saio hauek martxan jartzea, lehenagotik hastea lagungarria izan daitekeelako.