Publicador de contenidos
Atrás

Aberri Eguna 2020

Zestoako Udalaren adierazpena
12 ABR
2020

Aberri Eguna 2020

Zestoako Udalaren adierazpena

Igandean ospatuko dugun aurtengo Aberri Eguna egoera oso berezian datorkigu, konfinamendu betean aurkitzen gara euskal herritarrak eta mundu zabalean bezala Euskal Herrian zehar gaitzaren arrastorik  gordinenak nozitzeko parada izan dugu. Mundu mailako krisi humanitario honek, aurrerantzean gure bizimodu eta ohituretan eragingo dituen aldaketak gizarte hobeago bat eraikitzeko baliatu behar ditugu.

Ama lurraren jasangarritasuna eta gizaki orok bizitza duin bat izatea lehentasuna izan behar du. Euskal Herria munduak zazpi lurralde hauetan hartzen duen izena da eta inoiz baino beharrezkoagoa Euskal Herriaren aitortza defendatzen dugunon aldetik, oraindik aitortu gabeko herri txiki honek munduan hartu beharreko lekua zein izan behar den hausnartzea.

Oinarrizko eskubideen bermea, pertsonen arteko berdintasuna eta elkarrenganako errespetua sustatzen dituen komunitatea da nazio eraikuntzaren oinarria eta balore hauek sustatzen dituen komunitatea aldarrikatu nahi dugu 2020ko Aberri Egun berezi honetan.

Erabakiak jendearengandik zenbat eta hurbilago hartuak izan, egoera zailei aurre egiteko, orduan eta eraginkorragoak izan ohi dira. Zer izan behar garen erabaki nahi dugun bezala, bizitzen ari garen krisi honetatik nola atera eta utziko dituen ondorio lazgarriei erantzuteko ahalmen politikoa ere aldarrikatzen dugu.

Elkarlanerako garaia da, batera, auzolanean aritzeko garaia. Pasarte ilun hau atzean utzi eta gure herriarentzat eta herritarrentzat, etorkizun hobe bat xede, lanean hasteko prestutasun osoa adierazi nahi dugu.

Horregatik, Zestoako Udalak:

  1. Doluminik sentikorrenak helarazten dizkie gertukoren baten galera izan duten herritarrei.
  2. Eskerrik beroenak adierazi nahi dizkie osasun eta zaintza arloko langileei zein egoera honetan beren onena ematen ari diren herritar guztiei.
  3. Aberri Egunean ikurriña masta erdian jarriko du udaletxeko balkoian.

Eta dei egiten die herritarrei:

  1. Eguerdiko 12:30ean minutu bateko isiluneaz dolua parteka dezaten krisi honetan beren hurbilekoak galdu dituzten eta nahi bezala agurtu ezin izan diren ehunka familiekin.
  2. Ikurriñak jarri ditzaten etxeetako balkoietan.
  3. Euskal eragileek Aberri Egunerako deitutako ekimenetan parte hartzera.

Zestoan, 2020ko apirilaren 10ean, Mikel Arregi Urrutia, alkateak