Noticias
Atrás

Zestoako Udalak eta GoiEner energia kooperatibak lankidetza hitzarmena sinatu dute

Hitzarmenaren helburua energia burujabetzaren bidea egiten hastea da eta, bide horretan, prozesu bat abiatuko da

21·06·2021


Zestoako Udalak eta GoiEner energia kooperatibak hitzarmena sinatu zuten ekainaren 17an. Zestoako Udaleko batzar aretoan elkartu ziren Santiago Ochoa de Eribe GoiEnerreko zuzendaria eta Mikel Arregi Zestoako alkatea eta prentsa agerraldian hitzarmenaren helburu nagusiak azaldu zituzten.

Mikel Arregi Zestoako alkateak hartu zuen hitza lehenengo. Energia burujabetza eta larrialdi klimatikoa izan zituen hizpide, eta Zestoa bezalako herri txikiek gaiari egin diezaioketen ekarpena azpimarratu zuen. Hitzarmenaren helburua energia burujabetzaren bidean urratsak ematen hastea da eta, alkateak adierazi zuenez, horretarako giltzarrietako bat izango da kooperatibak egin dezakeen ekarpena, Euskal Herrian gisa horretako plangintzetan aitzindaria baita GoiEner. Abiatuko den prozesua herrigintza ikuspegitik egingo dela azaldu zuen eta herritarrak izango direla protagonista.

Alkatearen ondoren, Santiago Ochoa de Eribe Goienerreko zuzendariak hartu zuen hitza. 2012tik gaur egunera arte kooperatibak egin duen ibilbidearen berri eman zuen; hasieran, hainbat zailtasun medio, energia kontsumo kooperatibarekin abiatu ziren (14.000 bazkide dituzte eta 18.000 kontratu kudeatzen dituzte gaur egun) eta 2018an eman zuten saltoa, berriztagarrien proiektuetan eragile izatera pasatuz.

Biek ala biek bat egin dute proiektuak oinarri parte hartzailea izan behar duela baieztatzean. Parte hartzeak ahalduntzean izango du oinarria eta ahalduntzeak formazioan eta informazioan.

Hurrengo urratsak

Ahalduntzea eta formazioa ardatz hartuta, herrian energia komunitate berriztagarria sortzea ahalbidetzea izango da helburua eta, horretarako, bide-orria diseinatzen ari dira: lehenik eta behin deialdi batzuk egingo dituzte, talde sustatzailea edo talde motorra eratzeko. Behin eratuta, talde horrekin abiatuko litzateke prozesua eta landuko lirateke edukiak (puntu bateraino).

Prozesu horretan, behin energia komunitatearen helburu nagusiak definitutakoan, deialdi irekia egingo litzateke. Horrelako prozesuetan parte hartzen duten herritarren inplikazioa maila askotarikoa izan ohi dela azpimarratu nahi izan du Ochoa de Eribek eta herritarrak berak erabakitzen duela zenbaterainoko inplikazioa izan nahi duen proiektuan.

Dena den, amaieran azpimarratu dute herritarrak izango direla protagonista eta sustatzaile; nahiz eta hasieran ekimena udaletik abiatu den, Zestoako Udalak ere sinesten duelako ekimenean.