Noticias
Atrás

Zestoako oroimen historikoa berreskuratzeko egitasmoa aurkeztu du udalak

Aranzadi Zientzia elkarteak eta Zestoako Udalak datozen urteetarako lankidetza hitzarmena sinatu dute eta, hitzarmenaren harira, egitasmoa aurkezteko agerraldia egin dute Mikel Arregi alkateak eta Javi Buces Aranzadi Zientzia elkarteko ikerlariak.

28·02·2020


Hiru urteko iraupena izango du hitzarmenak eta martxoan zehar emango dira ikerketa prozesuaren aurreneko urratsak. Martxoan memoria historikoaren inguruko bi hitzaldi emango ditu Aranzadi Zientzia elkarteak herrian. Martxoaren 11n “Errepresio frankista Urolan” hitzaldia emango du Iñaki Egaña historialari eta antropologoak eta martxoaren 25ean Karlos Almorza historialariak “Euskal nazionalismoaren aurreneko erresistentzia: Saseta Defentsa Sistema” izango du hizpide. Bi hitzaldiak arratsaldeko 19:00etan izango dira, Alonderoko Kultur Aretoan.

Bestalde, proiektua martxan jarri eta herritarren parte hartzea ahalbidetzeko, udaletxeko behe solairuko gelan Oroimen bulegoa egongo da martxoko asteartetan, goizeko 10:00etatik 13:00etara eta arratsaldeko 15:00etatik 18:00etara. Informazioa eskatu edota eman nahi duten herritarrek bertan egin ahal izango dute. Bestalde, bulegora joateko ezintasunen bat daukatenek, 943 466 142 telefonora deitu edo memoria@aranzadi.eus helbidera mezua bidal dezakete, ikertzaile taldearekin harremanetan jartzeko.


Agerraldia

Memoria historikoa ezagutzearen garrantzia azpimarratu zuen Mikel Arregi alkateak atzo egindako agerraldian eta adierazi zuen Zestoako udal gobernuak ilusioz ekingo diola egitasmo honi. Aranzadi Zientzia elkartearen lana ere goraipatu zuen, inguruko hainbat herritan egina baitu dagoeneko ikerketa lana. Proiektuak 1936 eta 1945 urteen artean izandako giza eskubideen urraketak jasoko ditu.

Javi Bucesek proiektuaren helburu nagusia izango dena azpimarratu zuen: Zestoan gerra zibila eta errepresio frankista jasan zutenak ezagutzea, izen-abizenekin. Horretarako, lana hainbat fase edo ezagutza-esparrutan banatuko dutela azaldu zuen.

Alde batetik, hainbat artxibo arakatuko dituzte eta, bestetik, lan antropologikoagoa ere egingo dute, testigantzak jasoz. Bigarren esparruak berebiziko garrantzia duela esan zuen ikertzaileak, izan ere, nahiz eta artxiboetako lanak denbora gehiago kendu, dena ez dago artxibotan, eta elkarrizketek protagonisten etxe eta memorietan bakarrik aurki daitekeen informazioa eskuratzea ahalbidetzen dute.

Etxe eta memorietan gorderiko informazio hori eskuratzea izango da Oroimen bulegoaren helburu nagusia, eta Arregik eta Bucesek herritarrei bertaratzeko deia egin zien. Dokumentu, argazki, oroitzapen... era guztietako informazioa printzipioz baliagarria dela azpimarratu zuen Bucesek.

Egia, justizia eta erreparazioa

Nazioarte mailan, giza eskubideei dagokienez, hiru printzipio daude finkaturik: egia, justizia eta erreparazioa. Ikerketaren helburu eta konpromisoa egia bilatzea izango da, ondoren gizarteak eta erakundeek justizia eta erreparazioa eskatu ahal izateko.