Noticias
Atrás

Zestoako eta auzoetako jaiak bertan behera utzi ditu Zestoako Udalak

Jairik ospatuko ez den arren, herriko bizitzari eta kultur arloari bultzada emateko asmoz, kultur egitarau berezi bat antolatuko da udan zehar.

04·07·2020


Uztailaren 2an sinatutako Alkate-ebazpen bidez, Zestoako eta auzoetako jaiak bertan behera utzi ditu Zestoako Udalak. Ebazpenak dioenez, ezer baino lehen kontuan hartu dituzte osasun agintarien irizpideak (kautela- eta babes-betebeharrak; pertsonen arteko segurtasun-distantzia; higiene- eta prebentzio-neurri orokorrak; edukiera mugatzea eta prebentzio-neurri espezifikoak ezartzea sektoreka...). Bestalde, jaien moduko ekitaldietan, birusaren transmisioa saihesteko beharrezkoak diren segurtasun neurriak mantentzea oso zaila dela adierazten du ebazpenak.
 
Hori dela eta, Zestoako udalerrian ospatu ohi diren honako herri jaiak edota ikuskizunak ofizialki bertan behera uztea erabaki du alkateak: Karmen jaiak Arroabean, Santio – Santa Anak Arroagoian, eta Amabirjinak Aizarnan eta Zestoan.
 
Mikel Arregi alkateak dio jabetzen dela “jai horiek herritarrentzat duten garrantziaz, horregatik, erabaki zaila izan dela baina arduraz jokatzeko unea dela”.
 
Udako ekintza eta ikuskizunak antolatzeko batzordea
Nolanahi ere, herriko bizitzari eta kultur arloari bultzada emateko asmoz, kultur egitarau berezi bat antolatuko da udan zehar, betiere segurtasun neurri guztiak betetzen direla bermatuz. Horretarako, uztailaren 7an udako ekintza eta ikuskizunak antolatzeko batzordea deitu du Udalak. Arratsaldeko 19:00etan izango da hitzordua, Kultur Etxean.