Noticias
Atrás

Zestoa 2030 Herri Plangintza aurkeztu du Zestoako Udalak

Plangintza osatzeko egin duten aldebiko prozesuaren nondik norakoak azaldu dituzte prentsa agerraldian

25·06·2021


Zestoako Udalak agerraldia egin zuen atzo Zestoa 2030 Herri Plangintza aurkeztu eta plangintza osatzeko egin duten prozesuaren inguruko argibideak emateko. Aldebiko prozesua izan da eta SIADECO ikerketa aplikatuko taldea eta Euskalit erakunde publikoa izan ditu udalak bidelagun, lankidetza hitzarmenak tarteko. Mikel Arregi alkateak, Karmelo Mendizabal EAJ-ko zinegotziak, Juanjo Allur SIADECO-ko arduradunak eta Saioa Lasa eta Joseba Illarramendi San Juan Fundazioko zuzendaritzako kide eta EUSKALIT kudeaketa aurreratuko erakunde publikoko ordezkariek hartu zuten parte.

Arregi alkateak eman zion hasiera agerraldiari. Zestoa 2030 Herri Plangintza osatzeko prozesuan bi ariketa egin direla azaldu zuen, aldi berean: alde batetik, udalaren kudeaketa hobetzeko barne lanketa eta, bestetik, Zestoako herritarrekin parte-hartze prozesua, iritziak eta ekarpenak jasotzeko. Prozesuaren helburua udalak eta herriak ibilbide orri bat izatea dela azaldu zuen, legealdi aldaketetan ere proiektu estrategikoek jarraipena izan dezaten. Horretarako, ordezkari politikoen arteko oinarrizko adostasunaz gain, udaleko baliabideak ibilbide orri horretara doitzeko egindako ariketa azpimarratu zuen.

Karmelo Mendizabal EAJ-ko zinegotzia ere ados agertu zen alkatearen balorazioarekin eta herritarren parte-hartze prozesuari erreferentzia eginez, auzoetako herritarrek egindako ekarpenak jarri zituen balioan.

Plan estrategikoa

2019an eman zioten San Juan Fundazioari kudeaketa aurreratuan urrezko saria eta testuinguru hartan, alkatea fundazioko lehendakari izan eta sari-banaketaren bueltan, agertu zuen udalak kudeaketa eredu horren inguruko interesa. Erronka moduan hartu zutela adierazi zuen Illarramendik; San Juanen euren plan estrategikoaren barruan dutela eredua gizarteratzea eta urtetan ikasitako jakintza komunitatean eskuragarri jartzea, eta hala heldu ziotela erronkari.

Duela urtebete, Galder Lasuen EUSKALIT-eko proiektu arduraduna etorri zen udalera eta orduan abiatu zen prozesua. Hiru gauza azpimarratu zituen Illarramendik: alde batetik, prozesu osoan zehar Lasa eta biek izan duten askatasuna, lana gardentasunez egin ahal izan dutela; bestetik, udalak izan duen ausardia, prozesu hau martxan jartzeak onurak dauzkalako baina baita arriskuak ere; eta azkenik, adostasuna, plan estrategikoa adostasunez lortu delako.

Lasak hartu zuen ondoren hitza eta plana egiteko erabili den metodologia azaldu zuen. Kudeaketa aurreratuaren ereduan, plan estrategikoak lau ardatz izaten dituela adierazi zuen: herritarrak, langileak, gizartea eta bideragarritasuna. Ardatz bakoitzak bere helburu estrategikoak ditu eta lan ildo edo proiektu bidez lantzen dira. Helburu estrategikoak definitzerako orduan, Lasak eta Illarramendik gobernu taldeko zein oposizioko ordezkariekin elkarrizketak egin zituzten, adostasuna helburu.

Euskalit-ek gidatu duen prozesua langileen ardatzean zentratu da, gehienbat. Hala azaldu zuen Lasak; udaleko teknikariekin eta udala osatzen duten langile guztiekin elkartu eta, arloz arlo, AMIA bat egin zuten eta bertan jasotzen dira bakoitzak bere lan antolaketan dituen Aukera, Mehatxu, Indargune eta Ahuleziak. Bigarren ardatzeko lan ildoak prozesuan identifikaturikoarekin definitu dira, beraz.

Parte-hartze prozesua

Bestetik, paraleloki, herritarren ardatzeko lan ildoak definitzeko parte-hartze prozesua egin zen; SIADECO arduratu da horretaz, udalarekin elkarlanean. 2020ko abenduan, pandemia betean abiatu zen herritarren parte-hartze prozesua. Online erantzuteko galdetegi bat jarri zen herritarren eskura eta, aurreikuspen guztiak gaindituz, hirurehun eta hiru herritarrek erantzun zuten galdetegia. Gainera, galdetegiaz aparte, berrogeita hamar herritar eta elkarteetako ordezkari elkarrizketatu ziren aurrez aurre. Juanjo Allur elkarteko ordezkariak hainbat kontu azpimarratu nahi izan zituen prentsaurrekoan: herritarrek izan duten parte-hartze maila (kuantitatibo zein kualitatiboa), auzo guztietako eta adin-tarte guztietako herritarrek parte hartu izana (parte-hartze koloretsua). Ondorioak, diagnostikoaren txostenean jasota daude eta eskuragarri jarriko da.

 

Prozesu honen fruituak hainbat lan-tresna izan dira: Zestoako Udalaren Plan Estrategikoa eta Diagnostiko txostena. Bi lan-tresna horiek uztartuta, Zestoa 2030 Herri Plangintza osatu da, udalerriaren erronkak, lerro estrategikoak eta bultzatu beharreko jasotzen dituen proposamena. Prozesuaren lehen fasea amaitutzat emanda, udazkenean helduko dio Zestoako Udalak bigarren faseari.