Noticias
Atrás

Udalak Idiazpi mendebaldeko lurrak erosiko ditu

1
Atzoko udal osoko bilkurak 2022ko hirugarren aurrekontu aldaketa ontzat eman eta gero, Zestoako Udalak Idiazpi mendebaldeko hiri lurrak erosiko ditu.

30·06·2022


Eremu horretan, besteak beste 2008an udalak eraikitako aparkalekua kokatzen da. Ekainberri museoaren irekierarekin batera eta bertako bisitariek non aparkatua izan zezaten, 2008an udalak TS altzairu fabrikarekin hitzarmen bat sinatu zuen, non altzairutegiak aparkalekua eraikitzeko udalari lurren lagapena egin zion. Jakina den bezala, handik urte gutxira TS altzairutegia itxi egin zen eta enpresaren zorraren hartzekodun nagusia (kutxabank) bihurtu zen lur horien jabe. Ondoren, kutxabankek lurrak salgai jarri zituen eta beste hirugarren bat egin zen lurren jabe.

Egungo udala osatu zenean aparkalekua jabeek itxita zeukatenez, behin behinean irekitzea adostu zen baina udalak jabetza eskubiderik gabe ezin izan du eremu hori arautu. Udalak egungo lur jabeekin eurek kutxabank finantza erakundeari ordaindutako prezio berean lurrak erostea hitzartu du eta operazioa epe laburrean gauzatuko da. Aparkalekuaz gain, eremu horretako zatirik handiena ere esku publikoetara pasako da.

Aparkalekuaren jabetza berreskuratu ondoren, udalak eremu hori ordenatzea du helburu, hau da, aparkalekuan soilik autoak aparkatu ahal izango dira. Egun karabana eta autokarabanaz betea dagoenez, Zestoan bisitariek aparkatzeko zailtasun handiak izaten dituzte eta bere garaian udalak aparkaleku hori turismoak erakarritako bisitarientzat egin zuela gogoratu behar da.

Bestalde, geltoki inguruan autokarabanentzako gunea prestatzeko asmoa du udalak eta ordenantza bidez gunea arautu eta ordenatu egingo da. Lurrak eskuratzeko udalak 165000 eurotako diru partida erabiliko du. 

1