Noticias
Atrás

Adinduei erosketak egiteko zerbitzua jarriko da martxan

Erosketak egiteko zailtasunak izan ditzaketen pertsonei bideratutako zerbitzua izango da eta asmoa da familia edo babes sarerik ez daukaten pertsonak artatzea.

16·03·2020


Zestoako Udalak, Covid-19 edo koronabirusak eragindako egoeraren aurrean eta hainbat zerbitzu bertan behera geratu direla kontuan izanda, bolondres sare bat osatu du erosketak egiteko zailtasunak dauzkatenak artatzeko. Horretarako, Zestoako Gazte Asanblada eta ·3Z taldearekin mahai bat osatu du, eta baita ekimena martxan jartzeko protokolo bat ere.

 

Garrantzitsua da azpimarratzea zerbitzu hau arrisku faktoreren bat izan (adina, gaixotasun kronikoren bat...) eta babes edo familia sarerik ez daukaten herritarrei bideratuta dagoela. Ekimenaren helburua kalera atera ezin duenari edo ateratzerik komeni ez zaionari oinarrizko beharrak asetzea da.

 

Ekimena Zestoako Udalak koordinatuko du eta martxoaren 17an jarriko da martxan. Zerbitzua behar duenak 615 768 980 telefonora deitu beharko du eta zerbitzuaren koordinatzailea arduratuko da bolondres sarea eta zerbitzuaren eskatzailea harremanetan jartzeaz.

 

Erosketak erabiltzaileak ordaindu beharko ditu kasu guztietan, bolondres sarea dendara joan eta interesdunak nahi duen erosketa egitera bideratuko da. Herriko janari dendetan (UNIDE, COVIRAN, MIANTXA), harategietan (Uzkudun, Patxi Otxua, Lopene) eta Zurutuza farmazian egin daitezkeen erosketak egingo dira.