Noticias
Atrás Zestoako Udalak kezka adierazi nahi du uda honetako gauetan izandako gertaeren aurrean
06·08·2019
Zestoako Udalaren oharra herriko zenbait gaztetxok egin dituzten hainbat jardueren aurrean
Azkenaldian, herriko zenbait gaztetxok, denbora-pasa moduan, hainbat jarduera kezkagarri egin dituztela ikusi du Zestoako Udalak. Horien artean, larriena da, errepide nagusira zaborra bota izan dutela edota martxan doazen ibilgailuei objektuak jaurti zaizkiela. Beste zenbait kasutan, semaforoaren botoi etengailuaz baliatuz, trafikoa eragotzi dute.
Jarduera horiek, guztiz arduragabeak eta salagarriak izateaz aparte, arriskuan jartzen dute ibilgailuen zirkulazioa eta istripu larriren bat gertatzeko arrisku izugarria dago.
Zestoako Udalak dei zabala egiten du, gai horren inguruan herritar denok dagozkigun ardurak har ditzagun. Esate baterako, garrantzitsua da horrelako ekintzak ikusten dituen herritar orok jarrera aktiboa hartzea eta gaztetxo horiei adieraztea jarduera horiek ezbeharren bat sor dezaketela. Zentzu horretan, Zestoako Udalak berak ere, ahalegin berezia egingo du udaltzaingoarekin eta gainerako segurtasun baliabideekin, jarrera horiek berriro gerta ez daitezen bermatzeko.
Nolanahi ere, prebentzioa eta sentsibilizazio lana da inportanteena. Ildo horretatik, dei berezia egiten diegu, batez ere gurasoei –baina gainerako herritarrei ere bai– gai horren inguruan hausnarketa sakona egin dezaten, gaztetxoak aurrean dituztela.
Zestoako Udalak dagoeneko identifikatuta dauzka jarduera arriskutsu horiek egin dituzten hainbat gaztetxo baina inondik inora ez du nahi neurri gogorrak hartzen hastea. Esan dugun bezala, inportanteena sentsibilizazio lana egitea da baina erakundeok, geuk bakarrik, oso lan mugatua egin dezakegu sentsibilizazio lan horretan. Horregatik herritar eta gurasoei inplikazio zuzena eskatzen dizuegu.
Denon artean joan behar dugu Zestoa ederragoa egiten, etorkizunean biziko diren zestoarrak irekiagoak, solidarioagoak... izan daitezen. Denon esku dago hori horrela izatea.