Noticias

Atrás Zestoako Udalak Hiri Antolamendurako Plan Orokorrari (HAPO) haserako onespena eman dio

Lurzoru berriak okupatu ordez, lehendik eraldatuak dauden eremuak lehenetsi dira, hau da, egungo hiri lurzoruak dituen hutsune eta garatu gabeko eremuek izango dute lehentasuna.

01·10·2025


Zestoako Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren haserako onespena aho batez onartu da iraileko udalbatzarrean. Gaur egun indarrean dagoen HAPOA 1996koa da eta “oso zaharkitua” dagoela adierazi du Mikel Arregi Zestoako alkateak. Plan berria prestatzeko prozesua luzea izan da baina azkenean haserako onespena eman dio udalak.

Plan orokor berriari haserako onespena emanda, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hiru hilabetez izango da jendaurrean, eragile eta partikularrek alegazioak aurkezteko epea izango da hori. Denbora tarte horretan udalak haserako dokumentuaren aurkezpen saioak egingo ditu. Batetik, batzar irekiak deituaz eta bestetik udaletxean euskarri panelak ikusgai jarriaz.

HAPO berriak arlo ugari lantzen baditu ere, bizitegiei dagokionez, eraiki ahal izango diren etxebizitza berrien kopurua honakoa da:

  • Herrigune nagusian 314 etxebizitza berri eraikitzea ahalbidetuko du plan berriak. 314 etxebizitza horietatik, 118 sozialak izango dira, 62 tasatuak eta 117, berriz, libreak. Arrobean, 35 etxebizitza sozialeko bloke bat aurreikusten da eta “Anita” etxea zegoen orubean, berriz, 15 etxebizitza libre.
  • Auzoen nortasuna mantendu eta garapen ahalmenaren arteko oreka bilatu nahi du plan berriak eta horrela: Arroagoian 11 etxebizitza, Aizarnan 28 eta Iraetan 13 etxebizitza berri aurreikusten dira, guztiak izaera librekoak. Beraz, plan berria indarrean sartzean guztira 416 etxebizitza berri eraiki ahal izango dira.

Bestalde, estazio zaharreko gunea eta TS altzairu fabrika kokatzen den eremua birkalifikatu egiten da, ibaiari protagonismo nagusia emanaz eta aipatu eremuan gune berde handi bat sortuaz. Horretarako, udalak Eusko Trenbide Sarearekin eremuaren birkalifikazioa negoziatu behar izan du. Izan ere, Eusko Jaurlaritzaren gidalerroetan trenbidea lehengo lekuan kokatua zegoenez, hau ibaiaren beste aldera pasatzea adostu da.

Dagoeneko, fabrika zaharraren jabetza daukan erakundeak eraiste eta deskutsatzeko proiektuak eginda dauzka eta eremu horren garapenak herriari arnasa emango lioke.

 

Zestoa uraren ziklo osoan

Bestalde, udalbatzarrak Zestoa uraren ziklo integralean sartzea aho batez onetsi du. Horrela, 2026ko urtarrilaren 1etik aurrera herriko ur horniduraren kudeaketa osoa Gipuzkoako Uraren Kontsortzioaren esku geldituko da.

Orain arte, uraren hornidura orokorra kontsortzioaren esku bazegoen ere, banaketaz Zestoako Udala arduratu izan da baina aurrerantzean egin beharreko inbertsioak eta ur sistema digitalizatzeak suposatuko duen kostuak, beste hainbat herri bezala Zestoa ere ziklo integralean sartzea ondorioztatu duela adierazi du alkateak.

Beraz, urtarrilaren lehenetik aurrera kudeaketa guztiaz Gipuzkoako Ur Kontsortzioa arduratuko da: tarifak, harremanak, inbertsioak, mantentze-lanak...

Gipuzkoako Ur Kontsortzioaren eta Zestoako Udalaren arteko hitzarmena jendaurrean izango da herritarrek kontsultatu ahal izateko. Bestalde, hitzarmen honen baitan, kontsortzioak 10 urte pasa aurretik, Zestoako ur sisteman bi miloi euro inguruko inbertsioa egin beharko du.

 

2026ko Ordenantza Fiskalak

Iraileko udalbatzarrean landutako beste gai garrantzitsua 2026ko Ordenantza Fiskalen onarpena izan da. Adostutakoaren arabera, %2,5eko igoera orokorra izango dute 2026ko Ordenantza Fiskalek.

Honen arabera, tasetan aldaketak izango dira, hala nola etxe hutsen IBIa %50etik %75era igoko da. Bestalde, ibilgailuen zergak eguneratu egin dira, hobariak igo egin dira eta ibilgailu motaren arabera (elektrikoa, hibridoa...) bereizi.