Noticias
Atrás Zestoako Udalak herritarrengana hurbiltzeko martxan jarri dituen komunikazio kanal berriak aurkeztu ditu
27·04·2022
Zestoako udalerrian identifikatu diren komunikazio beharrei aurre egiteko Udalak komunikazio plana diseinatu du. Komunikazio plan horren baitan, besteak beste, kanal berriak identifikatu eta martxan jarri dira. Legegintzaldi hasieratik identifikatutako behar honi aurre egiteko udalak Iametza Interaktiboa komunikazio enpresa kontratatu du. Mikel Arregi “Ertxin” Zestoako alkateak komunikazio bide-orriaren xehetasunak gaur aurkeztu ditu Zestoako Udaletxean.
“Oraindik gogoan ditut zestoarrez beteriko udalbatzarrak, herriko gaien inguruko eztabaida biziak. Gaur egungo osoko bilkurek ez dute nire gazte garaiko oroitzapenetako haiekin zerikusirik; herritarrak ez dira gerturatzen udaletxeko bilkuretara normalean. Gizartea aldatzen ari da. Baina badakigu horrek ez duela esan nahi herritarrek euren herriko kontuez iritzirik ez dutenik edo herriko informazioa jaso nahi ez dutenik; informazio hori jasotzeko eta udalarekin komunikatzeko hobesten diren bideak beste batzuk direla baino ez.
Horregatik, legegintzaldi honen hasieratik garbi izan dugu udala herritarrengana hurbiltzeko komunikazio lanketa berezia egin behar genuela. Hala, udala eta herritarren arteko komunikazio zubi berriak eraikitzeko proposamena egin genion geure buruari”, esan du Arregi alkateak bere aurkezpenaren hasieran.
Jasangarritasuna, Ongizatea, kultura eta auzoak ardatz
Egindako komunikazio planaren lanketak 2030era begira garatutako plan estrategikoa izan du oinarri eta abiapuntu. Hori horrela izanik, hurrengo urteetan Zestoako Udalak jomugan izango dituen gaiak izan ditu kontuan:
- Jasangarritasuna: Zestoak bertan bizi diren biztanleei kalitatezko bizimodua eskaini nahi dien herri jasangarria izan nahi du, baliabide naturalak babesten dituena.
- Gizarte ongizatea: Udalak gizartearen ongizatea bere eginkizunen erdigunean txertatzen du. Pertsonen bizi kalitatean eragiten duten zerbitzuei garrantzia ematen die eta zerbitzu horiek udalaren politiketan zentralizatuak daude, horien artean, adineko pertsonak, hezkuntza, pobrezia, integrazioa, osasun zerbitzuak…
- Kultura eta ondarea: Zestoa kultur arlo ezberdinetan potentzial handia duen herria da. Ondare historiko-artistikotik hasita, ondare paleontologikora, arte eszenikoak, musika… denetarik aurkitu daiteke udalerrian. Potentzial horretaz arro sentitzen den udalerria da Zestoa.
- Auzoak: Zestoan auzo bakoitzak nortasun, izaera eta ezaugarri propioak ditu eta horrek udalerriaren izaera erabat markatzen du. Udalak hori oso presente dauka, baita komunikazio lanketa hau egiterako garaian ere.
Gai ardatz horietaz gain, badira beste bi gai udalak oso modu berezian landu nahi dituenak euren izaera estrategikoa dela-eta:
- Zaintza
- Energia
Baina gaien lanketa definitzeaz gain, komunikazio planaren lehentasuna udala eta herritarren arteko bi norabideko komunikazio kanal berriak diseinatzea izan da.
Zestoa herritar guztien artean eraikitzeko komunikazio kanal berriak
Gaurko prentsaurrekoan honako komunikazio kanal berri hauen berri eman du udalak:
- Telegram kanal berria
- Instagram kanala (@zestoakoudala)
- Udal aldizkaria
- Hileroko newsletter edo buletin elektronikoa
- Hileroko kultur agenda, herriko eta auzoetako gune desberdinetan ikusgai egoteaz gain, bestelako kanalen bidez ere zabalduko dena
- Aplikazioa
“Berrikuntza horiek guztiek helburu bera dute, udalaren eta herritarren artean bi norabideko komunikazio kanalak eraikitzea, guztientzat baliagarri izango direnak. Batzuk paperezko euskarriak nahiago izango dituzte, besteek elektronikoak eta hirugarrenek berriz, kaleko hormetan itsatsirik daudenak. Herritar guztiak izan ditugu gogoan bide berri hauek diseinatzerako garaian”, adierazi du Mikel Arregi alkateak gaurko agerraldian.
Nabarmentzekoak diren komunikazio ekintza berrien artean Telegram kanalaren (Zestoako Udala), newsletter baten, Instagram kontuaren (@zestoakoudala) eta udal aldizkariaren sorrera aurkitzen dira.
Euskarri berri horiekin Zestoan ikusi diren behar ezberdinei erantzungo zaie. Kanal horien bidez gai desberdinei buruzko informazioa zabalduko du udalak, baina aipagarria da Zestoaren sormena eta kultur ekoizpena balioan jartzeko hilabeteko kultur agenda ere ikusgai egongo dela eta herriko puntu eta auzo ezberdinetan kokatzeaz gain, webgunean, Telegram kanalean, newsletter-ean eta sare sozialetan ere zabalduko dela.
Herriko gazteengana heltzeko, udala, Facebooken egoteaz gain, Twitter eta Instagram sareetan ere presente eta aktibo egongo da, beraientzat interesa izan dezakeen edukia argitaratuz. Bestalde, digitalki mugitzen ez diren horientzako, betiko euskarri fisikoez gain, udal aldizkaria argitaratuko du. Zortzi orrialdez egongo da osatuta eta udalak eskuartean dituen proiektuen informazioa jasoko du bertan. Aurten bi ale argitaratzea aurreikusten da eta Zestoako etxe guztietara bidaliko da.
Gainera, udala APP berri batean ari da lanean, laster jarriko dena martxan. Honen bidez, herritarrek udalerrian aurkitzen dituzten kalteen berri eman ahal izango dute eta albisteak eta agenda kontsultatzeko aukera ere izango dute.
Kanal hauei guztiei buruzko informazio osatua udalaren webgunean aurkitu daiteke. Bertan aplikazioa deskargatzeko edo newsletterrera harpidetzeko moduari buruzko argibideak aurkitu ahalko dira.
Zestoa Geuk Egina
Komunikazio ekintza eta kanal guztiei batasuna emateko asmoz, marka edo izendapen berri bat landu du udalak komunikazio agentziarekin batera: “Zestoa Geuk Egina”. Esaldi horren atzean ideia nagusi bat dago. Udalak herritarren sinesten du ekintzailetzatik datozen ekimenen bidez eraikitzen dela herria.
“Zestoa zestoarrok egiten dugula sinisten dugu, hau da, Zestoa Geuk Egina dela”, esan du alkateak. Eta honakoa gaineratu du: “Zestoa egiten jarraitzeko beharrezkoa da lehen eskuko informazioa izatea batetik eta norberaren iritzia eta ekarpenak egiteko bitartekoak izatea bestetik”. Horixe lortzea du helburu udalak komunikazio lanketa honekin. “Horregatik zestoar guztiak bide berri hauek erabiltzera animatu nahi ditugu, baina ez dugu aurrez-aurrekoa ahaztu nahi. Jakin dezatela zestoarrek bide berri hauetaz gain udalaren ateak, euren ateak, edozertarako irekiak jarraitzen dutela”, esanez amaitu du alkateak.