Noticias
Atrás Covid-19 birusaren hedapena murrizteko helburuz hartutako neurriak
13·03·2020
Euskal Herriko Koronabirus kasuen gorakadaren aurrean, eta Eusko Jaurlaritzaren neurri eta gomendioak jaso ostean, Zestoako Udalak gaurtik (martxoak 13) beste hainbat neurri jarri ditu indarrean, pertsonen gehiegizko kontzentrazioa saihesteko eta, horrela, birusaren zabalpena
gutxitzeko.
Udal zerbitzu eta jarduera hauek bertan behera utziko dira:
- Kirol instalazioak (Kiroldegia, futbol zelaia, ...)
- Gaztelekua
- Liburutegia
- Kultur Etxea
- Arroagoiko, Arroabeko, Iraetako eta Aizarnako kultur etxeak
- Idiazpiko lokalak
Udal zerbitzu eta jarduerak bertan behera uztearekin batera eta, helburu berarekin, Zestoako Udalak gomendatzen du jolastokiak, gazte-lokalak, elkarte gastronomikoak edo antzekoak ez erabiltzea, pertsona pilaketak eta transmisio fokuak saihesteko.
Herritarren Arreta Zerbitzua ohiko ordutegian izango da irekita, 8:30etatik 14:00etara, baina beharrezkoa bada bakarrik joatea gomendatzen da udaletxera, eta administrazio elektronikoa eta telefono bidezko kudeaketa erabiltzea ahal den kasu guztietan.
Bolondres sarea
Datozen egunetan zein egoeratan egon gaitezkeen ez dakigula kontuan izanda eta hartutako neurri desberdinek eragin ditzaketen eragozpenei aurre egiteko, Zestoako Udalak bolondres talde bat osatu nahi du. Etxetik ateratzea komeni ez zaienei asistentzia emateaz eta erosketak egiteaz arduratuko litzateke sare hau, beharra sortuko balitz.
Bolondres izan nahi duenak alkatetza@zestoa.eus helbidera idatzi dezake, edo 635 753 949 zenbakira deitu edo whatsapp mezu bat idatzi.
Hobe gaur hartutako neurriak biharko damuak baino.