Noticias

Zestoako Udalak burdin sarea jarri du ibai ertzeko barandetan, plastikoa ibaira eror ez dadin

Iraetan jarri dira burdin sareak, Ingurumen batzordearen ekimenez, Urola ibaia babesteko asmoz.

17·07·2020


Zestoako Udalak burdin sarea jarri du Iraetako ibai ertzeko barandetan, plastikoak ibaira erortzea ekiditeko. Gorka Alberdi Eguzki Erakunde Ekologistako kideak egin zuen proposamena Ingurumen batzordean eta proposamen hura ontzat ematea erabaki du Udalak. 335 metro sareta jarri dira Iraetako zubian eta Errota industrialdean ibaiaren kontra dauden barandetan.

Ekimenaren helburua espaloietan eta inguruetan egoten diren hondakinak ibaira ez erortzea da, Urola ibaia babestu eta itsasora hondakinak iristea ekiditea, alegia.

Urola ibaia babesteko hainbat udalerri hartzen ari diren neurrien testuinguruan kokatu behar da ekimena. Azkoitian eta Azpeitian jarri dituzte saretak dagoeneko, eta Zumarragak eta Urretxuk ere jartzeko konpromisoa hartua dute.

Erreka garbiketa

Saretak jartzea ez da Urola ibaia zaintzeko egindako ekimen bakarra. Pasa den larunbatean, esaterako, urak Urola ibaira isurtzen dituen Sastarrain erreka garbitu zen auzolanean. Ingurumen sailaren ekimenez egin zen ekimen hura ere. Dena den, Zestoako Udalak argi dauka konponbidea sentsibilizazioan dagoela; hondakin gutxi sortu eta sorturikoa ondo kudeatzean.