Noticias

Zestoako Udalak 2023ko aurrekontuen hirugarren aldaketa onartu du

Zaintzaren inguruko EAJren mozioa ez da onartu eta EH Bildurena aurrera atera da EAJren aurkako bozkarekin.

27·11·2023


Azaroaren 23an ohiko udalbatzarra ospatu zen eta besteak beste aho batez onartu zen 2023ko udal aurrekontuen hirugarren aldaketa. Guztira gehikuntza 216.263’95 eurokoa izango da eta gutxikuntza, berriz, 101.050’05 eurokoa. Aurrekontu aldaketa hau osatu ahal izateko gerakinetik tira behar izan da, zehazki 207.455’36 euro.

Dagoeneko aitortuta dauden hainbat diru laguntza ez daude aurrekontuan jasota baina horiek ere epe laburrean jasoko ditu Zestoako Udalak. Esanguratsuena Gipuzkoako Foru Aldundiak Kiroldegiko estalpeko lanengatik emango duen 600.000 euroko diru laguntza da.

Honenbestez, 2023ko Zestoako Udalaren aurrekontua 8.690.695’01 eurotan itxiko da.

Ondorengo puntuetan, Biolur elkartearekin hitzarmena sinatzea eta Argiola Komunitate Energetikoan udala bazkide laguntzaile izatea ere aho batez onartu ziren.

Bestalde, Euskal Herriko Pentsionisten mugimenduak aurkezturiko mozioa ere gehiengoz onartua izan zen, Ehbilduren aldeko 8 botoekin eta EAJren abstentzioarekin.

Zaintzaren inguruko mozioak

EAJk euskal zaintza eredu sendo, eraldatzaile, feminista eta komunitario baten aldeko mozioa aurkeztu zuen. EH Bildu alderdiko zinegotziek mozioaren aurka bozkatu zuten. Garbi adierazi nahi izan zuen Mikel Arregi alkateak, “azken urteetan pertsonen osasun arreta erabat gutxietsi eta tokiko zaintza egoitzak esku pribatuetan utzi eta zaintza prekarizatu duen alderdiak antzeko mozioa aurkezteak ez du inolako sinesgarritasunik”. Jarraian Arregik ondokoa ere gaineratu nahi izan zuen: “Mozio horrek sinesgarritasuna izateko erakundeek zaintza publikoan, osasungintzan eta pertsonetan inbertitu behar dute, eta azken urteetan alderantzizkoa gertatu da”. Zestoan lantzen ari den Zaintza komunitariorako proiektua defendatu eta bide hori aldarrikatu zuen alkateak. Garikoitz Mendizabal EAJko bozeramaleak egungo arreta ratioak onak direla eta azken urteetan asko aurreratu dela esanaz defendatu zuen mozioa.

Ondoren, zaintzaren inguruan EH Bilduk beste mozio bat aurkeztu zuen eta hau aurrera atera zen ehbilduren aldeko 8 botoekin eta EAJren aurkako 3 botoekin.