Noticias
Atrás Zestoako nerabeen parte-hartze prozesua martxan jarri du Udalak
08·11·2024
Nerabezaroa berez aldaketa garaia bada, Zestoako nerabeek beste aldaketa garrantzitsu bat ere izaten dute 12 urterekin: herriko ikastetxean LHko ikasketak bukatu eta Azpeitira edo Zumaiara joaten dira DBH ikastera. Eskolaz eta herriz aldatzen dira, eta mundu berri bat irekitzen zaie. Aldaketa garai horretan, lagunarteko ohiturak ere aldatzen doaz, eta beren aisialdia beste modu batera antolatzen hasten dira.
Horren aurrean, Zestoako Udalak herriko 12-16 urte bitarteko nerabeen interes eta beharrak ezagutzeko; Udala eta nerabeen arteko harremana gertukoagoa izateko eta nerabeak herriko dinamikan parte aktibo bihurtzeko prozesu parte-hartzailea jarri du martxan herriko nerabeen artean.
Prozesu honen helburuen artean, nerabeak eta gazteak ahalduntzea, nerabe eta gazteen arteko harremanak sustatzea eta komunitatean herritar aktiboak izatea da. Bide batez, Udalak nerabeen beharrak entzutea, nerabeek Udalaren egitura eta funtzionamendua ezagutzea, Udala eta nerabeen arteko elkarlanerako espazioak sustatzea eta udal politiketan nerabeen protagonismoa indartzea ere bilatzen ditu prozesu honek.
Prozesu honetan herriko nerabeez gain, herriko gazteak, ikastetxeak, herriko eragileak, prozesua martxan jarri duen talde motorra, Jauzika elkartea, Oinherri elkartea, Udala eta Gipuzkoako Foru Aldundia daude tartean.
Lehenengo fasea abian
Prozesua dagoeneko lehenengo fasean murgildua dago. Iraila-urria bitartean prozesuaren aurkezpenak egiten aritu dira ikastetxeei, Udal teknikari eta zinegotziei eta herriko eragileei.
Behin prozesuaren aurkezpenak eginda, gazte dinamizatzaileei formakuntza eskaini zaie eta DBHko ikasleekin lehenengo parte-hartze saioak egin dira eskoletan (Urola, Zumaiena eta Zumaiako
herri eskola).
Udal teknikari eta zinegotzientzako nerabezaroari buruzko eta nerabeen parte-hartzeari buruzko formakuntza saioak ere egin dira, Oinherri eta Jauzika elkarteek eskainita. Eta azaroan zehar DBHko ikasleekin bigarren parte-hartze saioak egingo dira eskoletan.
Lehenengo fasearen amaiera abenduan aurreikusten da eta bertan prozesuaren itzulera egingo zaie nerabeei, Udalari eta herriko eragileei.
Bigarren fasea urtarriletik aurrera
Prozesu honen bigarren fasea urtarriletik aurrera irudikatzen da. Une horretan, Zestoako Udalak nerabeen eskaeren eta beharren lehentasunak finkatuko ditu. Ondoren, nerabeekin 2025eko ibilbidea finkatuko dute eta nerabeekin eskaera eta beharrak lantzen hasiko dira gazte dinamizatzaileek lagunduta. Azken hori otsailetik aurrera egitea aurreikusten da.