Noticias
Atrás Zestoako eta Zumaiako alkateek Gipuzkoako Batzar Nagusietan Urolako bide berdearen obren atzerapenaz galdetu dute
24·03·2022
Zestoako Iraeta eta Zumaiako Narrondo auzoak lotuko dituen Urolako bide berdearen obren atzerapenaren ondorioz, Mikel Arregik eta Iñaki Ostolazak, Zestoako eta Zumaiako alkateek, hurrenez hurren, Gipuzkoako Batzar Nagusietan agerraldi-eskaera bateratua egin zuten urte hasieran.
Narrondo - Iraeta ibilbidea Gipuzkoako Foru Aldundiak 2013an indarrean jarri zuen Gipuzkoako Bizikleta Bideen Lurraldearen Arloko Planaren zati bat da. Gogoratu behar da bide berdea amaitzeko falta diren 4 kilometroak bere osotasunean Zestoako lurretan daudela eta 2019ko urrian Zestoako Udalak eta Gipuzkoa Foru Aldundiak, Arroabeko lotura udalaren esku uztea eta gainontzekoa aldundiak egitea hitzartu zutela.
Zestoako Udalak Arroabeko lotura 2020an amaitu bazuen ere, gaur egun aipatutako zatia egin gabe dago oraindik eta 4 kilometroko luzera duen bide zati hori funtsezkoa da Urola bailarako mugikortasun eta jasangarritasun ikuspegitik, behin betirako Zumaia eta Zumarraga, hau da, Urola bailara osoa lotuko baitu.
Bi alkateek gaur Gipuzkoako Batzar Nagusietan obren atzerapenaz duten iritzia emateko eta proiektuaren inguruko galderak eurei helarazteko aukera izan dute.