Noticias
14·11·2023
Zestoa eta Urepele senidetzeko proiektuaren aurkezpena eta lan-taldea osatzeko bilera egin zen pasa den astean. Bertan udaleko ordezkariez gain, herriko hainbat eragile eta norbanako elkartu ziren. Epe laburrean egingo diren hainbat ekimenen inguruan aritu ziren eta 2024an zehar izango diren beste hainbat ekimen zehaztu zituzten.
Bi herriek elkartzen dituzte bi bertsolarik: Urepeleko Xalbador eta Zestoako Uztapide. Bi bertsolariak lagun handiak izan ziren eta hori ere baliatuko da proiektu honi forma emateko garaian. Hain zuzen, 2024an zehar aurreikusten da bertso saioren bat antolatzea.
Senidetze ekitaldiak
Lehenengo hitzordua, datorren larunbatean, azaroak 18, 12:00etan izango da: Zestoa eta Urepele herrien arteko senidetzearen ekitaldi ofiziala Zestoako udaletxean. Bi herrietako hainbat ordezkari bilduko dira eta bi alkateek senidetze hitzarmena sinatuko dute. Horrez gain, Xalbadorren eta Uztapideren laguntasuna erakusten duen bertso-sorta abestuko da eta ekitaldia amaitzeko, soka-dantza egingo dute herriko plazan. Soka-dantzaren bitartez bi herrien arteko lotura irudikatuko da; urepeldarrak eta zestoarrak eskuz esku elkarri lotuta plazan, dantzan.
Bigarren hitzordua Urepelen bertan izango da azaroaren 26an. Senidetze hitzarmena han sinatuko baitute bi herrietako ordezkariek.
Datorren urtera begira
Udaberrian Urepele eguna ospatuko da Zestoan eta udazkenean berriz, Zestoa eguna Urepelen. Ekimen horiek oraindik zehazteko daude, eta horretarako beste bilera ireki bat egingo da abenduaren 15ean 18:00etan Alonderon. Bilera honen helburua, aurrera begirako beste ekimenak zehazten joatea izango da, eta orduan ere herritarren parte hartzea garrantzitsua izango da.