Noticias
29·09·2023
Argazkian: Joseba Erramundegi Baionako alkateordea eta Pirinio Atlantikoetako Departamentuko Kontseilaria, Mikel Arregi Urrutia Zestoako alkatea eta Irune Berasaluze Gipuzkoako Foru Aldundiko Gobernantza diputatua.
Zestoako Udalak Zestoa eta Urepele senidetzeko proiektua aurkeztu zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Pirinio Atlantikoetako Departamentuko Kontseiluak “Ideiak 2023” partaidetza bidezko aurrekontuen bigarren ediziora. Zestoa-Urepele proiektua, Gipuzkoako 32 proiektu bozkatuenen artean sailkatu da eta ondorioz 20.000 euroko diru laguntza jaso du urte beteko epean proiektua gauzatu ahal izateko.
Mikel Arregi Urrutia Zestoako alkatea gaur izan da Gipuzkoako Foru Aldundian proiektuaren aurkezpena egiten. Bozka eman duten herritarrei eskerrak eman nahi izan dizkie Arregik, eta hemendik aurrera martxan jarriko den proiektuan parte hartzera animatu ditu herriko eragile eta elkarteak “proiektu herrikoia izatea baita helburua”.
Senidetzeaz gain, beste lau ekimen ere gauzatzeko proposamena egin dute bi udalerriek:
- “Urepele eguna” Zestoan eta “Zestoa eguna” Urepelen.
- “Laborari gazteak eta emakumeak”, laborantza eta lehen sektoreari buruzko mugaz bi aldeetako ezagutza eta esperientzien trukatze-saioak.
- Bertsolaritzaren bilakaera generoaren ikuspegitik, Uztapide eta Xalbadorren garaietatik gaur egunera.
- Urepele eta Zestoa, senidetutako bi udalerriak lotuko dituen oinezko ibilbidea.