Agenda
Atrás Zestoa eremu gorritik atera dela eta
Gaurko egunez osasun agintaritzak atera duen txosten epidemiologikoaren arabera, Zestoa kokatua dagoen osasun eremuko (Zestoa – Zumaia – Getaria) intzidentzia tasa metatua 500etik beherakoa denez, Zestoa eremu gorritik laranjara pasa da.
Ondorioz, bihartik aurrera ostalaritza jarduera irekitzea baimenduta dago. Era berean, murrizketa orokorrak indarrean badaude ere, eskola kiroleko entrenamenduak eta talde kirola, aipatu murrizketen baitan, bihartik aurrera egin ahal izango dira.
Bestalde, bihartik aurrera kiroldegiko bazkideek edukiera mugak errespetatuta, ez dute hitzordurik eskatu beharrik izango eta gainontzeko eraikin publikoetan murrizketa orokorreko neurriak sartuko dira indarrean.
Dena dela, Zestoako intzidentzia tasa metatuaren bilakaera beheranzkoa bada ere, zenbaki oso altutan jarraitzen dugu eta eremukoa ere 500etik oso gertu dagoenez, herriko eremu guztietan neurriak zorrotz betetzea ezinbestekoa izango da. Horrela ezean, ostalaritza berriro isteko arriskuan legoke eta une honetan gehien sufritzen ari den sektoreetariko bat izanik, benetako elkartasuna eta sostengua adierazteko erarik onena guztiok segurtasun neurri guztiak zorrotz betetzea da. Zestoan, 2021eko otsailaren 4an Mikel Arregi Urrutia Zestoako alkatea