Noticias

Atrás Zertan inbertituko zenituzke 2023ko udal aurrekontuko 75.000€?

Zestoarrek 2023an 75.000 € non gastatu erabaki ahal izango dute Udalak martxan jarriko duen aurrekontu parte-hartzaileen prozesuaren bidez

20·10·2022


2019an abiarazi zuen lehen aldiz Zestoako Udalak aurrekontu parte-hartzaileen prozesua eta pandemiaren eraginez, azken bi urteetan ez da antzekorik egin. Orduan 50.000 euroren nondik norakoa zehaztu ahal izan zuten herritarrek. Oraingoan Zestoako Udalaren 2023ko inbertsioetarako aurrekontutik, 75.000 euro, herritarrek zuzenean proposatu eta lehenetsitako inbertsioetarako erabiliko da.

Urriaren 26an egingo da lehenengo batzarra, 19:00etan, udaletxeko batzar aretoan. Bertan prozesu parte-hartzailearen nondik norakoak zehaztuko dira. Bigarren batzarra abenduaren 1ean egingo da. Bertan herritarrek aukera izango dute proposamenak helarazteko eta udalak bozka kopuruaz gain, aukeraketan kontuan hartuko diren bestelako irizpideak ere proposatuko ditu. Ondoren bozketa fasea etorriko da eta abenduaren 15ean egingo den hirugarren eta azken batzarrean prozesu parte-hartzailearen emaitza ezagutaraziko da. Hau da, herritarren borondatearen arabera, 75.000 euro horien bidez zer egitasmo eramango diren aurrera.