Noticias
Atrás Udal Gobernuaren oharra
23·01·2024
Azken gertakarien harira eta Elizondo antzokiaren gorabeherak hizpide hartuta Udal Gobernuak ondorengo hausnarketa elkarbanatu nahi du:
Gizarte laiko eta agnostiko batean sinesten dugunez, botere publikoak erlijio jardueretatik erabat at egon behar duela esatea soberan egonik, besteak beste gizarte justu baten eraikitzea gure herriko erlijio eta adierazpen ideologiko ezberdinen arteko errespetuan oinarritzen dela aldarrikatzen dugu.
Ondorioz, pasa den asteburuan gertatua ez da zilegi. Izan ere, beste ezein elkarte edo komunitatek bezala, herriko kristau komunitateak bere sinesmen jarduerak egiteko eskubide osoa du eta igandean jazotakoak herritarrek erlijio askatasunerako duten eskubidea erabat urratu zuen. Norbere askatasuna besteena urratuaz aldarrikatzea ez baita bidezkoa.
Era berean, Udal Gobernu honek elizako hierarkia eta herriko eliza komunitatea plano berean jartzea akats onartezina dela uste du, jakin badakigulako herrigintza ikuspegitik herriko eliza komunitateko kide asko elizaren ondarea esku publikoetara pasatzearen alde dagoela eta zubiak eraikitzeko garaian zubiak apurtzeak helburua urrundu eta zaildu besterik ez du egiten.
Gauzak horrela, elizako hierarkiak historian zehar eta azken hamarkadetan ondare publikoa beharko lukeen herri azpiegituren jabetzea gaitzesten dugu. Beste herrietan bezala gurean ere elizak bere izenean ondare material handia pilatu du eta gaur da eguna elizak ondare guzti hori behar bezala kudeatu eta mantentzeko gaitasun humano eta materialik ez duena.
Beraz, ondare guzti hori herriaren zerbitzura jartzeko deia egiten diogu elizari eta bide horretan Zestoako Udala elizarekin elkarrizketan jarraitu eta denon onerako izango den herriguneko zein auzoetako azpiegituren inguruko akordio orokor bat sinatzeko prest dago.
Udal Gobernuak egoera hau elkarrizketa bidez konpontzeko saiakerak egiten dihardu, izan ere azken aldian bezala bakoitza bere tresabian gotortzetik eta auzia epai bideetan jartzetik ez delako ezer onik etorriko. Elizondo antzoki zaharra herriko gazte mugimendu zein kultur jardueretarako gune aproposa izanik, Zestoako Udala gunea berreskuratzeko ahaleginak egiten jarraitzeko prest dago baina horretarako herri ikuspegia lehenetsiz denon laguntza beharrezkoa izango da.
Zestoan, 2024ko urtarrilaren 23an
*Argazkia: Danbolin