Noticias

Santa Engraziako auzolan taldeak Arroagoiko azken dorre-erloju mekanikoa zaharberritu du

Pasa den uztailetik erloju zaharra martxan eta ikusgai dago Arroagoiko Herriko Etxean.

21·09·2023


Zestoako Udalaren eta Arroa Goiko Auzo Elkartearen babesarekin Santa Engraziako auzolan taldeak hogei urtez geldirik egon den erloju mekanikoa zaharberritu du eta pasa den uztailetik Arroagoiko Herriko Etxean dago jarrita. Auzolan taldeak zaharberritzen duen hirugarren erlojua da. Lehenengoa Santa Engraziakoa izan zen, orduan erlojua berritzeaz gain ingurua ere txukundu zuten eta baita ermita bera ere. Ondoren, Zestoako erlojua berritu zuten eta azkenik Arroagoikoa.

Arroagoiko erloju mekanikoa 1860koa da eta 1862an jarri zuten elizako dorrean. 2003an erlojua mekanikoa izatetik elektronikoa izatera pasa zen eta azken ia hogei urteotan erloju mekanikoa bertan egon da geldirik auzolan taldeak berritzeko erabakia hartu duen arte. Erlojua kanpandorretik jaitsi eta 2022ko urrian berritzeko lanekin hasi ziren. 2023ko martxoan berritze lanak amaituta zituzten eta uztailean, auzoko jaietan jarri zuten martxan herriko etxean. Ordutik, bertan dago jarrita edonork 24 orduz ikusteko moduan.

Auzolan taldeak, erloju hauekin lan mekanikoa egiteaz gain, hau da eskulanaz gain, dibulgazioa ere badu helburu. Erloju hauen historiaren inguruan dokumentazio lan handia egiten dute herritarrek horren berri izan dezaten, eta horretarako Udalaren webgunean atal berezia dute zaharberritu dituzten hiru erlojuek: