Agenda

Prebentzio neurri berriak, herriko osasun egoeraren aurrean

Alkatearen ebazpena
28 ENE
Ongizatea eta osasuna | 2021 | COVID19 - koronabirusa

Koronabirusaren ondorioz, herriko osasun egoeraz kezkatuta, hainbat prebentzio neurri iragarri ditu Zestoako Udalak eraikin publikoetarako

Zestoak 100.000 biztanleko mila positiboen langa gainditu du eta Gipuzkoako tasa handiena duten herrien pare jartzera iritsi da.
Hori dela eta, Zestoako Udalak ezinbestekotzat jo du, Eusko Jaurlaritzak ezarritako neurri murriztaileez gain, beste hainbat prebentzio neurri ezartzea zenbait eraikin publikotan.
Ondorengo eraikinetan izango dute eragina neurriek:

  • Herrigunean: Kultur Etxea, Gaztelekua, Liburutegia, Alonderoko udal aretoa, Kiroldegia, Idiazpiko lokalak.
  • Auzoetan: Aizarna, Arroagoia, Arroabea, Iraeta eta Lasaoko eraikin publikoetan, ikastetxeak izan ezik.


Urtarrilaren 29tik aurrera, aipatutako eraikinetan, Eusko Jaurlaritzak ezarritako neurri murriztaileez gain, indarrean jarriko diren prebentzio neurriak honakoak izango dira:

 

  • Aipatutako eraikinetako gela bakoitzean, beti ere osasun agintaritzak baimendutako jardueretan, gehienez 6 pertsona bildu ahal izango dira.
  • Ikastetxeko maila bereko (burbuila) edo familia unitate bereko kideek gainditu ahal izango dute kopuru hori, beti ere, aurrez jakinarazi eta dagokion eraikineko arduradunaren onespena badu.
  • Kiroldegiko zerbitzuak erabili ahal izateko aldez aurretik hitzordua eskatu beharko da.
  • Hitzaldi, topaketa, batzar eta abarrak, ezingo dira aipatu eraikin publikoetan egin.


Zestoako Udalak arduraz jokatzeko deia luzatzen du eta osasun gomendioak betetzen jarraitzekoa. Batez ere, oso garrantzitsua da hiru oinarrizko neurriak jarraitzea: garbitasuna, maskararen erabilera nonahi, eta pertsona pilaketak saihestea.
Denon esku dago egoera larri hau bere onera itzultzea. Herritarrak erantzukizunez jokatzen ari gara, neurri handi batean, eta denon ahaleginari esker egoera larri honetatik irtetea lortuko dugula espero behar dugu.

Zestoan, 2021eko urtarrilaren 27an
Mikel Arregi Urrutia
Zestoako alkatea 

2021ko urtarrilaren 27ko alkatearen ebazpena