Noticias

Atrás Piaspe egitasmoari buruzko Udal Gobernuaren mozioa onartu da

Udal Gobernuaren mozioak “herritarrekin adostutako trantsizio energetiko baten alde” egin beharra azpimarratzen du.

03·03·2023


Atzoko Udalbatzan gai bakarra jorratu zen, Piaspe proiektuari dagokiona, hain zuzen ere. Bi mozio bozkatu ziren. Bata Sañu Bizirik taldeak aurkeztutakoa, zeinak Udalari Azpeitia, Zestoa eta Errezil artean kokatu nahi den zentral eolikoen Piaspe proiektuaren aurka posizionatzeko eskaera egiten zion, eta bestea Udal Gobernuak berak aurkeztutakoa.

Sañu Bizirik taldeak aurkeztutako mozioaren bozketan EH Bildu abstenitu egin zen eta EAJ alderdiak berriz aurka bozkatu zuen. Udal Gobernuaren mozioak berriz, EH Bilduren aldeko 6 boto jaso zituen eta EAJren aurkako 3 boto.

Udal Gobernuaren mozioak “herritarrekin adostutako trantsizio energetiko baten alde” egin beharra azpimarratzen du. Era berean trantsizio horrek “iraunkorra, berriztagarria, justua eta inklusiboa” izan behar duela aipatzen du, “inor baztertu edo atzean utziko ez duena”.

Udal Gobernu honek kontrol publikoa duen sistema energetiko bat nahi du, jabetza publiko-komunitarioan oinarrituko dena, eta ez energia prezio bidegabeak ezarriz inoiz baino irabazi handiagoak dituzten multinazionalen menpekoa.

Bestalde, Eusko Jaurlaritzari eskatzen dio Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektoriala (LPS) lehenbailehen onartu dezala, ahalik eta parte hartze eta gardentasun handienarekin. Era berean, Jaurlaritzari beste eskaera bat luzatzen dio, Plan Sektoriala onartu bitartean, tamaina handiko energia azpiegituren eraikuntzarik ez abiaraztea berma dezala. Zentzu horretan, mozioak adierazten du berriztagarrien Lurralde Plan Sektorial berria onartu aurretik Zestoako Udalak zentral eolikoen eraikuntzarako aurkeztutako tramitaziorik ez duela onartuko, aurrekoa  egin gabe ez baita bidezkoa intentsitate handiko zentral eolikoak era masiboan eraikitzen hastea.

Azkenik, Udal Gobernu honek herritarren partaidetzarako foro edo batzar bat eratzeko bere prestutasuna adierazten du, bertan hausnarketa egiteaz gain, ezagutza eta ahalduntze kolektiboa helburu duen deliberazio prozesu bat eginaz.

Udal Gobernuaren mozioa osorik irakurri