Noticias

Atrás Ontzi arinak edukiontzietan bilduko dira Zestoan ekainetik aurrera

Sistemaren doiketa honek Zestoa, Arroabea eta Iraetan izango du eragina. Gainontzeko auzotan bilketa orain arte bezala egingo da.

07·05·2021


Ontzi arinak edukiontzi bidez bilduko dira Zestoan, Iraetan eta Arroabean ekainaren 1etik aurrera. Hala iragarri zuten Mikel Arregi Zestoako alkateak eta Aitor Bereziartua Urola Erdiko Mankomunitateko lehendakariak emandako prentsaurrekoan eta bertan azaldu zituzten aldaketa egiteko kontuan izan dituzten arrazoiak.

Urola Erdiko Mankomunitatea arduratzen da bertako parte diren zazpi herrietako bilketa sistemen jarraipena egiteaz eta eraginkortasuneranzko norabidean harturiko erabakia izan da. Hala adierazi zuen Aitor Bereziartuak bere hitzartzean.

Mikel Arregik sakontasunez azaldu zituen arrazoi zehatzak, ondoren. Bi arrazoi nagusi aipatu zituen: CO2 isurketen jaitsiera eta aurrezpen ekonomikoa. Biak garraioarekin dute lotura, izan ere, ontzi arin kopuru gero eta handiagoa sortzen da etxeetan eta astelehen eta ostegunetan gainezka egoten dira gaur egun erabiltzen diren kuboak. Hori saiheste aldera, mankomunitateko kamioiek bi aldiz jasotzen dituzte eta garraioan egiten den kilometro kopurua igotzen da horrela. Horrek CO2 isurketak eta kostu ekonomikoa igotzen ditu.

Ontzi horientzat edukiontzi hori berriak ekartzearekin batera, gaur egun papera eta kartoia jasotzeko dauden urdinak ere berritu egingo dira, bolumen handiagokoak jarriz. Horrela, gaur egun edukiontzi urdinek okupatzen duten espazio publikoan kabituko dira bai horiak eta bai urdinak. Errefusa eta organikoa orain arte bezala biltzen jarraituko dela baieztatu zuen alkateak, kubo bidez, orain arteko asteko egun berdinetan.

Arriskua

Arregik adierazi zuenez, Zestoako Udalak zein Urola Erdiko Mankomunitateak uste dute gaikako bilketako kopuruak mantendu egingo direla, ontzi arinak edukiontzi bidez jasota ere. Hala ere, aldaketak izan dezakeen arriskua azpimarratu nahi izan zuen, sistema berriarekin zuzentze marjina galtzen baita (orain arte, biltzaileak lekuz kanpo zeuden poltsak albo batera uzteko marjina zuten, kamioira bota aurretik).

Arroabean, Zestoan eta Iraetan

Aldaketa gaur egun bilketa kubo bidez egiten den lekutan egingo da eta gainontzeko auzotan ez du eraginik izango. Hitzaldi informatiboak egingo dira hiru gune horietan:

  • Maiatzak 12 - Arroabea: Eskola zaharrean - 19:00
  • Maiatzak 18 - Zestoa: Alonderoko aretoan - 19:00
  • Maiatzak 19 - Iraeta: Frontoian - 19:00

Bestalde, maiatzaren 22an, "Birziklatu, zure esku dago" kanpainaren baitan, informazio-puntua egongo da Zestoako Foru plazan, goiz osoan zehar.

 

Bukatzeko, kanpainari hasiera emateko eta aldaketen inguruko informazioa zabaltzeko bideoa egin du Zestoako Udalak: