Noticias

Atrás Neurri bereziak hartuko dira datozen egunetarako

Jende pilaketa eta kutsatze-arriskua ekiditea da helburua

02·09·2020


Udako egitarauaren arabera astebururako hainbat ekitaldi programatuak daude, horien artean jendetsuena larunbateko EZPALAK eta RODEO musika  taldeen kontzertua izango da. Dagoeneko sarrera guztiak agortuta daude eta orain arte bezala kontzertua ikusteko segurtasun neurri guztiak bete beharko dira.

Osasun krisiak horrela aginduta, Zestoarrak ez direnei ez bertaratzeko eskaera egiten zaie, herriak dituen ezaugarriengatik bertako kaleetan kutsatzeren bat gertatuko balitz ondorioak larriak izango liratekeelako. Besteak beste, osasun protokoloek horrela aginduta, herriko taberna guztiak itxi eta kale eremuetan ibili diren herritarrek PCR proba pasa beharko lukete. Denon esku dago arduraz jokatu eta ahal den neurrian arriskua ekiditea.

Ondorioz, Zestoako Udalak ondorengo neurriak hartu ditu:

  1. Foru Aldundiko mugikortasun arduradunekin hitz egin ondoren, larunbatean, irailak 5, arratsaldeko 17:00etatik gaueko 23:00etara herriko geltoki nagusian ez da bus zerbitzurik izango. Beraz, Zumaia Zumarraga, Azkoitia Donostia eta Azkoitia Zarautz zerbitzuetako autobusek ez dute geldialdirik egingo.
  2. “Udan zer Zestoan?” Egitarauan irailaren 4 eta 5erako iragarritako musika ekitaldiak egingo badira ere, Jaurlaritzaren abuztuaren 14ko aginduak antzeko ekitaldiak debekatzen dituenez, irailaren 8an herriko kaleetan zehar egitekoa zen zahagi dantza ez da egingo. Udalak Itxaropena dantza taldeko kideei eskerrak eman nahi dizkie ekitaldia prestatzeko hartutako lanak eta gero,  hau bertan behera uzteko inolako eragozpenik jarri ez izanagatik.
  3. Egun indarrean dagoen araudiak ezarri bezala, tabernak gauerdiko 12:00ak arte egongo dira irekita, ordu horretatik aurrera taberna zein elkarte gastronomikoetara ezingo da sartu eta gaueko ordu 1ean taberna eta elkarteak guztiz itxita egon beharko dira.
  4. Azkenik, Zestoako Udalak “botilloiak” bereziki debekatuak daudela gogorarazten du eta bertan parte hartzen dutenei, debekuaren isunaz gain ingurumenaren aurkako delitua ere leporatu ahal izango zaienez, 300 eurotik hasi eta 5000 eurora arteko isunak ezarri ahal zaizkiela ere jakinarazi nahi du.

(Hemen alkatearen oharra)