Noticias
Atrás Memoria historikoaren testigantzak biltzen dituen liburua aurkeztu dute
25·09·2023
Atzo eguerdian Zestoa 1936-1959, Giza Eskubideen zapalketa eta errepresioa Gerra Zibilean eta Lehen Frankismoan argitalpenaren aurkezpena izan zen udaletxeko pleno aretoan. Argitalpena bi liburukiz osatuta dago eta Ione Zuloaga Muxika azkoitiarra izan da egilea lantalde handi baten laguntzarekin. Ekitaldian, Mikel Arregi Urrutia Zestoako alkatea, Ione Zuloaga Muxika Aranzadi Zientzia Elkarteko ikerlari eta historialaria eta liburuen egilea eta Juantxo Agirre Mauleon Aranzadi Zientzia Elkarteko idazkari nagusia izan ziren.
Gerra Zibila eta Lehen Frankismoan Zestoan gertatutakoen inguruan ikerketa sakon bat burutzeko lehen urratsak 2020an eman ziren. Zestoako Udalak hala eskatuta Aranzadi Zientzia Elkarteak abian jarri zuen proiektua, beraz, hiru urte luzeko lanaren emaitza da argitalpen hau. Proiektuaren hastapenetan, oroimen bulegoa egon zen zabalik herritarren testigantzak jaso ahal izateko, izan ere informazio hau ez dago inongo artxibo, liburu edo dokumentuetan jasoa eta berebiziko garrantzia du.
Ekitaldi jendetsua izan zen, pleno aretoa leporaino bete zen testigantzak eman zituzten herritarrez eta senideez beteta. Mikel Arregi Urrutia alkateak eman zion hasiera ekitaldiari eta barkamena eskatu nahi izan zuen “urte asko pasa dira eta lehenago egin behar zen baina egia eta erreparaziorako inoiz ez da berandu”. Bestalde, Errepublikako Zestoako azken alkatea izan zen Eugenio Alkortaren semea, Eugenio eta testigantzak eman dituzten herritar horiek guztiak ere bertan izatea ohore bat dela nabarmendu zuen.
Euskal Herrian Aranzadi bezalako elkarte bat izateaz zorionekoak garela azpimarratu zuen alkateak eta eskerrak eman zizkien ekitaldian bertan izan ziren Ione Zuloaga Muxika eta Juantxo Agirre Mauleoni.
Ondoren, gure herrian gerra garaian eta frankismoaren urte ilun haietan sufritu zuten guztien omenez Aizpea Aristi herritarrak Esteban Urkiaga Lauaxetaren Mendigoxaliarena olerkia abestu zuen.
Iraganari beldurrik ez
Juantxo Agirre Mauleon Aranzadiko idazkari nagusiak adierazi zuen bezala “historiarik gabeko herriek ez dute etorkizunik eta gu historia egiten ari gara”. Gertatutakoa kontatu behar dela argi du Aranzadiko buruak eta horretarako Euskal Herrian zientzialari gazteak ditugu. Iraganari beldurrik ez diogula izan behar azpimarratu zuen eta metodologia egokia erabiliz gertatutakoa ikertu eta kontatu behar dela adierazi zuen, gure memoria baita.
Ione Zuloaga Muxika da zientzialari gazte horietako bat; bera izan da Zestoako testigantzak bildu eta aztertzeaz arduratu dena eta atzo aurkeztu zen argitalpenaren egilea. Bere hitzetan iragan hurbila ezagutu ahal izateko beharrezkoak izan dira herritarren testigantzak. 87 urte pasatu dira Gerra Zibila hasi zenetik eta berau bizi izan zuten gehiengoak gure artean ez dauden arren, omenaldia senideona ere badela azpimarratu zuen Zuloagak.
Testigantza guztiak bertako euskalkian bildu dira liburuan, etorkizunean norbaitek Zestoako euskalkiaren aldaerak aztertu nahiko balitu dokumentu aberatsa baita.
Zuloagak adierazi zuenez, kolpistak sartu eta udal gobernua osatu zuten bigarren Errepublikako Zestoako udal zinegotziak omendu nahiko lituzke. Bide batez azpimarratu zuen, beste herri gehienetan gertatzen den bezala, artxiboetan dokumentu ugari falta direla Frankismo garaikoak, eta emakumeen inguruko informazioa ere oso gutxi aurkitu dutela.
Ekitaldia amaitzeko Arregik hartu zuen hitza berriro eta honela adierazi zuen: “Gure hizkuntza, kultura eta pertsonak desagerrarazi nahi izan zituzten, herri honen egia jakin gabe, gertatutakoa ikertu eta aitortu gabe, zauriak ezin dira itxi”. Aranzadiri esker familia asko ari dira euren senideen gorpuzkiak berreskuratzen baina oraindik ere milaka dira desagertuak.
Arregik adierazi duen bezala, “ez gara inor baino gehiago, baina ezta gutxiago ere eta ondorioz denok elkarrekin Euskal Herriaren eskubide eta askatasuna lortu arte ez dugu etsiko. Gure hizkuntza eta kultura normalizatu arte ez dugu etsiko. Eta hori da gure aurrekoei zor dieguna eta ondorengoei utzi behar dieguna!”.
Argitalpena udaletxean eskuragarri
Nahi duen orok argitalpena osatzen duten bi liburuak eskuratzeko aukera izango du. Argitalpenak udaletxean eskatu beharko dira eta doan izango dira nahi duten guztientzat.