Noticias

Atrás Kirola egitera eta paseatzera atera ahalko da maiatzaren 2tik aurrera

Jarduera hauek ordutegi baten barruan eta hainbat baldintzekin egin ahal izango dira.

01·05·2020


 

Hogei egun igaro dira Zestoan azken koronabirus kasua erregistratu zenetik. Bide onean goaz, zalantzarik gabe, baina inondik ere ezin gara erlaxatu. Gaitzak oraindik ere gure artean jarraitzen du eta oso garrantzitsua da prebentzio neurri guztiak errespetatzen jarraitzea, hori baita, kutsatze arrisku berriak ekiditeko biderik eraginkorrena.

Ariketa fisikoa egitera eta paseatzera atera ahal izango dira 14 urtetik gorako herritarrak bihartik aurrera. Zestoan, 5.000 biztanletik beherako herria izanik, goizeko 6:00etatik gaueko 23:00etara bitartean egin ahal izango dira jarduera hauek, baina mugekin.

Gure kasuan paseoa eta kirola egiteko ez da denbora mugarik ezarri, baina egunean behin egin ahal izango dira eta eremu mugatu batean: paseoaren kasuan, etxebizitzatik kilometro bateko eremuan egin ahal izango da, gehienez ere bizikide batekin. Ariketa fisikoa, berriz, bakarrik egin beharko da eta udalerriaren mugen barruan bakarrik egin ahal izango da. Dena den, ezingo da garraiorik erabili, ez pribatu eta ez publiko, kirola egitera joateko. Lotura honetan dituzue udalerriko mapak, mugak ikusi ahal izateko.

14 urtetik beherako herritarren kasuan, aurreko astean ezarritako muga berak mantendu dira: egunean ordubetez, kilometro bateko eremuan eta bizikidetza bereko heldu batek lagunduta. Zestoa, 5000 biztanletik beherako herria izanik, haurren ordutegia ere aldatu egin da eta goizeko 6:00etatik gaueko 23:00etara atera ahal izango dira.

Mendekotasun egoeran dauden pertsonak, lagunduta jakina, eta 70 urtetik gorakoek ere jarduera fisikoa egin ahal izango dute eta 70 urtetik gorakoen kasuan, bizikidetza unitate bereko edo baimendutako 14tik 70era arteko pertsona batek lagunduta ere atera ahal izango dira.

Hauek dira argitaratu den azken araudiak ezartzen dituen eta bihartik, maiatzaren 2tik aurrera bete beharko diren baldintzak, baina, oro har, gauden egoeraren baitan jasotzen ari garen araudi gehienak interpretazio ezberdinak izan baditzakete ere, oinarrizko neurriak zentzuz betetzea da garrantzitsuena.

 

Baratzeak

Aurreko asteetan erabiltzaileen gutxieneko pilatzerik ere eman ez dela ikusita, Iraetako baratzeetara egunero joan ahal izango dira erabiltzaileak astelehenetik aurrera. Zestoako Udalak baratzeetako etxola irekitzea baimenduko du. Dena dela, tresna komunitarioak erabiltzekotan, erabiltzaile bakoitzak erabili ondoren tresnak desinfektatu beharko ditu eta horretarako, likido desinfektatzailea eta eskularruak erabili beharko dira. Halere, Zestoako Udalak norbere lan-tresnak erabiltzen jarraitzea gomendatzen du.

 

Santakutzak

Maiatzaren 2an eta 3an, bihar eta etzi, Santakutz jaiak ospatzekoak ginen herrian. Egoera honen aurrean, data horietarako ospakizunak bertan behera utzi zituen Zestoako Udalak. Dena den, hainbat herritarren ekimenari esker, balkoietatik egingo dira bai helduen danborrada eta baita umeena ere. Zestoako Udalak eskerrak eman nahi dizkie ekimen honen antolaketan buru-belarri dabiltzan herritarrei eta bere ekarpena egingo du, urtero bezala Gurutzean argiak jarriz eta udaletxean banderak jarriz.